Nicolas Arbizu Gabirondok alkate jarraituko du

Guaixe 2008ko urtarrilaren 28a

Bilkuran erabaki zuten Nicolas Arbizu Gabirondo alkate izendatzea. Honekin 3. legegintzaldia izanen du Nicolasek alkatetzan, azkeneko biak Nafarroako Gobernuak izendatutako batzorde kudeatzaile baten buru gisa. Ostiraleko bilkuran, alkatearenaz gain, beste ardurak ere banatu ziren zinegotzi berrien artean. Zazpiak egonen dira Hirigintza eta Ogasun Batzordean. Mendia eta Abeltzaintza Batzordeaz Santiago Galartza Eskisabel eta Elias Aramendia Lopez arduratuko dira. Euskara, Kultura eta Jai Batzordearen buru Jose Andres Iza Dorronsoro izanen da. Horrekin batera, Jose Andresek Iturmendi ordezkatuko du Sakanako Mankomunitateko Euskara Batzordean. Ibarreko erakundeko batzarretan, alkateak ordezkatuko du Iturmendiko Udala. Gauza bera eginen du eskola kontseilukoetan, mankomunitateko ur zerbitzukoetan eta Garapen Partzuegoko bileretan ere. Oinarrizko gizarte zerbitzuetako bileretan Iturmendiko Udalaren ordezkaria Javier Jungitu Marin izanen da. EgitasmoakNicolas Arbizu Gabirondok jakitera eman digunez zinegotziek "ilusioz hartu dute", eta gehitu du: "herriaren onura bilatuz eginen dugu kudeaketa". Bere ustez "udala gertuen dagoen erakundea da eta herri txikietan udala herriaren bizitzan funtsezko erakundea da". Aldi berean, aitortu digu "egoerak hala behartuta hartu duela" alkatetza. Nicolasek jakinarazi digunez, "egiteko gai interesgarriak daude: eskola berriak, sareen berritze-lanak, ekimen pribatuak hilerri ondoan sustatu duen industrialdea...". Lehen erabakiakUdala osatu eta gero, aurreneko bilkura egin zuten zinegotziek. Erabaki zuten uda partean 3 hilerako pertsona bat kontratatzea. Haren egitekoa herrian hainbat lan egitea izanen da. Kontratazio horretarako INEM laguntza baliatuko du Iturmendiko Udalak. Bestalde, udal arduradunek haien soldata zehaztu zuten. Bilkura bakoitzeko 200 euro jasoko dituzte. Kobratzeko muga Nafarroako Gobernuak ematen duen diru laguntza izanen da. Azkenik, Iturmendiko Udalak erabaki zuen onartzea Europako diru laguntzak jasotzeko Cederna-Garalurrek aurkeztutako idatzia. Eskualdeak hurrengo 5 urteetarako diru laguntzak jasotzen interesa duela eskualdeak adierazi zuen horrela Iturmendiko Udalak. Aurrerantzean Iturmendiko Udala hileko lehen ostiralero bilduko da, iluntzean.