Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Iturmendiko plaza gainean dagoen elkarteak adin guztiak hartu ditu kontuan ospakizunak antolatzeko. Horrela, gaur, ostiralean, apirilaren 11n, pailazo-malabarista eta La Banda antzerki zirkoko kide den Andoni Lopez de Goikoetxea iturmendiarrak Zirko Tailerren lehen emanaldia gidatuko du 17:30etik aurrera. Ondoren, 19:30ean klima aldaketa izanen du hizpide LAB sindikatuko ingurumen arduradun Jon Artetxek, eta segidan auzatea izanen da Aitzkozarren; sagardoa, ardoa eta txistorra ez da faltako. Larunbata izango da Aitzkozar elkarteko egun handia. Goizeko 11:00etan jaiaren hasierako etxajua jaurtikiko da eta berehala akordeoilariekin batera herriari buelta emanen zaio kalejiran. Berehala haurrendako japoniar lehergailuak jaurtikiko dira, eta nahi duten guztiek zaldi gainean joan etorriak egiteko aukera izanen dute. Eguerdian Altsasuko kale kantu taldearekin kantuz kantu ariko dira iturmendiarrak, eta 13:00etan Andoni Lopez de Goikoetxeak gidatutako Zirko Tailerren bigarren emanaldia hasiko da. Ordu berean auzatea eskainiko zaie festara hurbiltzen diren guztiei.Ohikoa denez, herri bazkaria izango da giroa berotuko duen ekitaldi nagusia. Bazkalondoa eta kafe garaia bertsolariek animatuko dute, eta jai giroarekin jarraituz, arratsalde guztian trikimartxa izanen da, Askondoko Xabierrekin.