Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Beste behin ere, udaberriko eguraldi goxoarekin batera, Iturmendiko Aitzkozar herri krossa dator. Antolatzaileek, Aitzkozar elkarteak eta Dantzaleku-Sakana atletismo taldeak Sakanan atletismo zaletasuna bultzatzea dute helburu. Bihar, larunbatean, Iturmendin eginen den lasterketak, Sakanako Atletismo Koparako puntuagarri diren proben egutegia estreinatuko du.Mailak eta ibilbidea Gazteenek emanen diote hasiera Iturmendiko lasterketari, arratsaldeko 17:00etan. Aurrebenjaminek 410 metroko ibilbidea edukiko dute egiteko, benjaminek 540 metro; kimuek 820 metro, haurrek 1.640 metro eta kadeteek 2.460 metro. Proba hauek guztiak herrian eginen dira, beti ere Iturmendiko Arrano Beltza plaza ardatz dutela.Gaztetxoenen lasterketek proba nagusiari eginen diote lekua. 19:00etan du hasiera ordua gazte, heldu eta beteranoen mailako lasterketa nagusiak. Korrikalariek Arrano Beltza plazan emanen diote hasiera lasterketari. Iturmendi eta Bakaikuko herri eta dermioen artean markatutako 4.050 metroko ibilbideari buelta bakarra emanen diote gazteek, eta bi buelta heldu eta beteranoek. Beraz, azken hauek 8.100 metro egin beharko dituzte denera.Lasterketa nagusiko kategori bakoitzeko hiru lehenengoek, gizon nahiz emakumeek, 150 €, 100 € eta 50 euroko saria eta trofeoa jasoko dute eta behe mailan ere trofeoak banatuko dira. Gainerako parte-hartzaileendako ere izanen da oparirik. Herri krosari amaiera emateko, antolatzaileek askaria antolatu dute parte-hartzaile guztiendako.Izen-ematea Izena emateko epea irekita dago, 948 562 034 edo 948 467 314 telefonoetan edo www.herrikrossa.com web orrian. Lasterketa hasi baina ordu bat lehenago ere, horretarako aukera izanen dute lasterkariek. Egunean bertan izena ematen dutenek 5 € ordaindu beharko dute.