Domekan udazkeneko festa ospatu zuten iturmendiarrek. Eguraldia lagun egun ederra izan zuten ospakizunetarako. Udaletxeko auzoan herriko etxeetan bilduak dauden makina bat objektu zahar ikusteko aukera izan zen: jantziak, plantxak, irratiak, nekazaritza eta abeltzaintzako tresnak... Horrekin batera Iturmendiko emakume talde batek taloak egin zituen plazan eta haiek banatu egin zituzten bildutakoen artean. Musikak giroa alaitu zuen. Haurrak nagusiTxikienek gozatzeko aukera aparta izan zuten domekan Iturmendin. Zaldiak tiratutako gurdia haurrendako erakargarria izan zen. Gurdira igo eta herrian barna buelta emateko aukera izan zuten haurrek. Herrian barna Argiñeri ongietorria egiteko apaingarriak jarri zituzten iturmendiarrek. Zein den Argiñe? Nafarroa Oinezeko maskota. Bera Iturmendira iritsi zenean herritar guztien arreta erakarri zuen, batez ere haurrena. Haiei ipuinak kontatu zizkien ipurtargiak. Txikienek harekin argazkia ateratzeko aukera ez zuten galdu. Gainera, haurrek Iturmendi ezagutzera eraman zuten Argiñe. Taloa ere eskaini zioten, baina diplomazia handiarekin halakorik ez zuela jaten azaldu zien ipurtargiak Iturmendiko haurrei.