Egitarau zabalarekin ospatuko ditu 9 urteak Eztanda Irratiak

Guaixe 2008ko azaroaren 28a

Gaurtik domekara bitartean makina bat gauza izanen dira Iturmendin, Eztanda Irratiaren bederatzigarren urteurrena dela eta. Irrati libreko kideek prestatutako egitaraua gaur, 20:00etan abiatuko da. Trikitilariak lagunduta kalejira eginen dute. Hura bukatzean, 21:00etan eta plazan, egoitza eskatzeko bilkura eginen dute. Txokolatada ere izanen da, hotzari aurre egiteko. Eguna Aitzkozar elkartean izanen den bertso-afariarekin despedituko da. Larunbatean, 16:30ean Aritzaga elkartean irratiaren aldeko mus txapelketa azkarra jokatuko da. Ordu erdi geroago, auzo-gelan, haurrendako film emanaldia iragarri dute. Bukatzeko, 19:00etan txokolatada izanen da, frontoian. Iturmendiko irrati librearen urteurreneko ospakizunak domeka eguerdian despedituko dira. Chuchin Ibañezen emanaldia eta txistorrada iragarri dituzte 12:30erako. Eztanda Irratiko kideek antolatutako ekitaldietan parte hartzeko gonbitea egin dute.