Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Domekan, 11:45ean, Iturmediko San Anton kofradiako hildakoen aldeko elizkizuna izan zen. Hura despeditu ondoren, kofradiako kideek batzarra egin zuten apaiz-etxean. Kofradeek bina euroko kuota ordaindu zituzten eta kontuak errepasatu zituzten. Iturmendiko kofradiak dituen 24 kideetatik 20 izan ziren presente eta haien artean karguak berritu zituzten. Nemesio Irisarrik priore kargua hartu zuen eta Santiago Galartzak banderaren ardura. Aurten Iturmendiko San Anton kofradiak ez du ez bajarik ez altarik izan. Apaiz-etxean egitekoak despeditu ondoren Aritzaga elkartean bazkari ederraz gozatu zuten kofradeek. Hara joan ziren guztiak eskutan kofradiaren sorrerako aktaren kopia idatzia zeramaten eskutan. Han jasotzen denez Iturmendiko kofradia 1690eko ilbeltzaren 17an sortu zen. Idatzian jasotzen denez kofradia sortu aurretik ere mandazainek egituratuta zeuden eta elizkizuna egiten zuten San Anton egunero. Kofradiako sortze agirian jasotzen denez 27 mandazain iturmendiarrek abiatu zuten elkartea. Urtero egitekoen artean zeuden, besteak beste, karguak berritzea, meza deitzea, priorearen etxean bazkaria egitea jasotzen dira edota hildako kofradeen aldeko meza egitea.