Bi plazetan lanak eginen dira aurten

Guaixe 2009ko urtarrilaren 22a

Duela urte bat inguru despeditu zituzten Iturmendin Txorralde, Zirrinkale, Consistorial eta Barrenkale kaleetako lanak. Herriko sareak eta zoladura berritzeko lanen lehen fasea izan zen hura. Baina aurrekontuak ez zuen guztia egiteko eman eta Iturriondoko eta Txorraldeko plaza bana egin gabe gelditu zen. Egin gabe gelditu ziren bi plaza horietako lanak egiteko Iturmendiko Udalak 260.000 euroko aurrekontua onartu zuen. Toki Administrazio Departamentuak lan horiei urgentziazko laguntza ematea erabaki du. Diru-laguntza aurreko lau urteko laguntza planetik aterako da eta lanen aurrekontuaren %70a hartuko du. EtxebizitzakIturmendiko Udalak iaz babes ofizialeko etxebizitzak egiteko asmoa azaldu zuen eta herritarrek bere interesa azaldu zuten. Udalak Bakaikurako bide bazterrean Promotora de la Rivera Navarra S.L. enpresa eraikitzen ari den urbanizazioko unitatean lurra du, babes ofizialeko 3 etxebizitza egiteko aukera ematen duena. Baina, antza, eraikuntza enpresek ez dute lur sail horretan interesik azaldu. Udaletik jakitera eman digutenez Auzasoroetan, autobia ondoan egindako etxeen ondoan, babes ofizialeko etxebizitzak jasotzeko asmoa dago. Muroa enpresa da arduraduna. Antza, bederatzi pisuko bi bloke jasoko lituzke. Sotoa eta hiru altura lituzke. Sotoan etxe jabe bakoitzarendako aparkalekua eta trastelekua leudeke. Pisu bakoitzak 3 gela, 2 komuna eta sukaldea izanen dute. 90 metro karratu baino gutxiagoko azalera izanen dute