Bihar V. Aitzkozar Herri Krosa hartuko du Iturmendik

Guaixe 2009ko ekainaren 5a

Beste behin ere, udaberriko haize goxoekin batera, Iturmendiko Aitzkozar herri krossa dator. Bihar jokatuko da, ekainaren 6an, larunbatean, V. edizioa. Antolatzaileek - Aitzkozar elkarteak eta Dantzaleku-Sakana atletismo taldeak - aipatu probarekin atletismo zaletasuna bulkatu nahi dute Sakanan. Aitzkozar Krosa Sakanako Atletismo Koparako puntuagarria den bigarren proba da, aurreko asteko Aitziber Krosaren ondotik. Kategoria ezberdinak eta ibilbideaGazteenek emanen diote hasiera Iturmendiko lasterketari, arratsaldeko 17:00etan. Aurrebenjaminek 410 metroko ibilbidea edukiko dute egiteko, benjaminek 540 metro, kimuek 820 metro, haurrek 1.640 metro eta kadeteek 2.460 metro. Proba hauek guztiak herrian eginen dira, beti ere Iturmendiko Arrano Beltza plaza ardatz dutela. Gaztetxoenen lasterketek proba nagusiari eginen diote lekua. 18:30ean du hasiera ordua gazte, heldu eta beteranoen mailako lasterketa nagusiak. Korrikalariek Arrano Beltza plazan emanen diote hasiera lasterketari. Iturmendi eta Bakaikuko herri eta dermioen artean markatutako 4.050 metroko ibilbideari buelta bakarra emanen diote gazteek, eta bi buelta heldu eta beteranoek. Beraz, azken hauek 8.100 metro egin beharko dituzte denera, eta jubenilek 5.050 metro. Lasterketa nagusiko kategori bakoitzeko hiru lehenengoek, gizon nahiz emakumeek, 150 €, 100 € eta 50 euroko saria eta trofeoa jasoko dute eta behe mailan ere trofeoak banatuko dira. Parte hartzen duten korrikalari guztiek oparitxoa jasoko dute. Herri krosari amaiera emateko, antolatzaileek askaria antolatu dute parte-hartzaile guztiendako. Izen-emateaIzena emateko epea irekita dago, 948 562 034 edo 948 467 314 telefonoetan edo www.herrikrossa.com web orrian. Lasterketa egunean bertan, proba hasi baina ordu bat lehenago ere, horretarako aukera izanen dute lasterkariek. Egunean bertan izena ematen dutenek 5 € ordaindu beharko dute, eta ekainaren 5a baino lehen ematen dutenek 3 euro. DYAk proba jarraituko du.