Udalaren aurrekontu erdia inbertsioetara bideratuta dago

Guaixe 2009ko ekainaren 1a

Iturmendiko Udalak larunbat arratsaldean batzarrean aurkeztu zuen aurtengo aurrekontua. 40 bat pertsona bildu ziren batzarrean eta udalaren ahotik iazko jardunaren berri eta aurtengorako asmoak azaldu zituzten, baita beste zenbait egitasmo. Iturmendiarrek, bestalde, udalari haien kezkak azaldu zizkioten. Udalak herritarrei aurkeztutakoaren arabera, aurten 678.000 euroko aurrekontua izanen du aurten. Horietatik 337.000 euro inbertsioetara bideratuko dira. Diru sail handiena, 260.000 euro, Iturriondoko eta Txorraldeko plazetako sareak eta zoladura berritzera bideratuko dira. Aurretik hasitako hobekuntza lanen 2. fasea izanen da hori eta Nafarroako Gobernuak %70eko diru-laguntza emanen du. Horrekin batera, Enplegurako Toki Inbertsioaren Estatu Funtsetik jasotako 67.256 euroak Elordi,  Pilaralde eta Beheko bidea konpontzera bideratuko ditu. Partzela kontzentrazioa egin zenetik Iturmendiko dermioko bideetan ez da konponketarik egin eta udalak premia badutela iritzi dio. Horregatik, Nafarroako Gobernuari diru-laguntza eskatu dio. Udalak, bere aldetik, 50.000 euro aurreikusi ditu, laguntza etorriko balitz lanak aurrera eramateko. Babes ofizialeko etxebizitzakAuzasoroetan, autobiatik gertu, Muroa enpresak babes ofizialeko 9 etxebizitza jasoko ditu. Behe solairua eta bi altuera izanen dituen pisu eraikuntza izanen da, eta, Nicolas Arbizu alkateak jakinarazi digunez, baliteke lanak aurten hastea. Alkateak argitu digunez, "udalak badu halako etxebizitzak egiteko lurra, baina badirudi, oraingoz, eraikuntza enpresek ez dutela interesik". Alkateak azaldu digunez, "babestutako etxebizitzetan interesa zuten herritarren eskaerak genituen eta eskaintza horretara bideratu ditugu". 9 etxebizitzak dagoeneko badute eroslea.