Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Domekan bildu zen San Anton kofradia. Kideek 11:30ean izan zen elizkizunean parte hartu zuten. Mezetan San Antonen erlikia gurtzera eman zen eta orduan bildutako dirua kofradiak jaso zuen. Elizkizunaren ondoren apaiz-etxean batzarra egin zuen kofradiak. Han erabaki zuten azken urtean bandera zaindu duen Santiago Galartza Eskisabelek priore ardura hartzea, Nemesio Irisarri ordezkatuz. Bandera Ignazio Arbizuren esku utzi zuen eta bera diru kontuak jasotzen duen liburua zaintzeaz arduratuko da hurrengo urtean. Horrekin batera, San Antonioren bizitzaren berri ematen duen liburuxka eta kofradiaren berri labur ematen duen idatzia izanen ditu. Erlikia gurtzerakoan jasotako dirua, kofradeek urtero ordaintzen dituzten bina euroak eta beste gora behera batzuk aktan jaso ziren. Kofradiak 159,17 euro ditu. Diru kopuru txikia zenez, biltzen jarraitzea erabaki zen bilkuran, kopuru itxuroso bat dagoenean ongintzako ekimen bati bideratu ahal izateko. Bilkura hildakoen omenezko Aita Gurea otoitzarekin despeditu zen. Aritzaga elkartean bazkaltzera bilduz borobildu zuten eguna. Kofradia 24 gizonek osatzen dute. Azken urtean ez da ez altarik ez bajarik izan. Bezperan Urdiainen esandako hitzek oihartzuna izan zuten Iturmendiko kofradian. Emakumeren baten eskaerarik balego, kofradia hura aztertzera bilduko litzatekeela adostu zen. 320 urteElizako San Antonen irudiak urte horiek ditu. Kofradiaren banderak, bestalde, bi irudi ditu: San Anton berarena eta San Migelena, herriko eliza hari eskainia baitago. Mandazainek 1690ean sortutako kofradia da San Antonena. Elizan bertan, San Cristobalen irudi bat dago, bidaiarien patroia dena, eta beraz, mandazainekin zerikusia zuena.