Obrak berriro

Guaixe 2010eko otsailaren 8a

Iturmendiko hego mendebaldean dauden Konsistorial eta Txorralde kaleen zati banatan lanak egiten ari da Suescun enpresa. Sareak, saneamendua, zoladura eta argiteria berritzeko lanak dira. Inguru horretan egin ziren lanen osagarri dira bigarren fase honetakoak. Nafarroako Gobernuak 2005-2008 aldirako Toki Azpiegituretarako Plana zabaldu zuen eta diru-laguntza horien bidez (argiteriarako %70a, gainontzekorako %60) finantzatuko dira lanak. Ilbeltzean hasi ziren eta hiru hilabetetan despedituko dira. 260.000 euro inguruko aurrekontua dute.Iturmendiko alkate Nicolas Arbizuk azaldu digunez, "euri-urak eta ur beltzak batera jasotzen dira eta horrek araztegia gainezka egitea dakar. Horregatik lan horien garrantzia". Dagoeneko Udalak badaki lanen hirugarren fasea 2012an eginen dela, gobernuaren azpiegitura plan berrian 288.000 euro aurreikusi baitira.