Bihar San Migelak ospatuko dira

Guaixe 2010eko maiatzaren 7a

San Migelak direla eta, Iturmendiko Gazte Asanbaldak hainbat ekitaldi prestatu ditu. Hala, gaur, 19:00etan txupinazoa bota eta gero auzatea izanen da. 19:30ean gaiteroekin kalejira izanen da Iturmendin. Aitzkozar elkarteak herri afaria hartuko du eta 23:30etik aurrera Aritzaga elkartean kontzertuak izanen dira. El Txandrio, Potroberoak eta Kiteen Nukkua taldeak ariko dira oholtza gainean. Bihar, berriz, gazteek herriko goiko eta beheko aldeen arteko herri kirol saioa prestatu dute 19:00etarako. Eta plazako dantzaldia despeditu ondoren DJ Sergei musika jartzen ariko da. Bi egunetan Aritzaga elkarteko barra Eztanda Irratiko kideek kudeatuko dute. San Migel eguna Kultur Batzordeak antolatu duen ospakizunen egitaraua eguerdian izanen den meza nagusiarekin hasiko da. Hura despeditu ondoren, auzoan, iturmendiarrek egindako eskulanak ikusteko aukera izanen dute. Bestalde, toka txapelketa ere izanen da. Amets taldeak dantzarako doinuak jarriko ditu eguerdian, baita arratsaldean eta iluntzean ere. Baina dena ez da dantza izanen. 18:00etan artzain txakurren erakustaldia izanen da. Antzar eta ardiekin txakurrek nola lan egiten duten ikusteko aukera izanen da Iturmendin.