Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urriaren 22tik 30era bitartean Munduko Irristaketa Abiadura Txapelketak jokatuko dira Kolonbian, Antioquiako Guarnen. Espainiako selekzioko selekzionatzaile Garikoitz Lergak osatutako taldean Joseba Fernandez irristalari iturmendiarra dago. Astelehenean Noaingo aireportutik Madrilgo bidea hartu zuten Espainiako selekzioko kide nafar eta gasteiztarrek - Garikoitz Lerga selekzionatzailea eta Joseba Fernandez, Saray Narvaez eta Patxi Peula irristalariak - bertatik Kolonbiarako bidea hartzeko. Kolonbiako altuerara egokitzea eta bertako pistari tamaina hartzea faktore erabakiorrak izanen dira, baina ahal den emaitza onenak ateratzea da Espainiako selekzioaren helburua. "Lehendabiziko postuengatik borrokatuko duen jendea daramagu" azaldu zuen Garikoitz Lerga selekzionatzaileak. Koreako selekzioa ez da ariko, hurrengo hilabeteko Asiako Jokoak prestatzen ari baita, eta horrek aukerak zabaldu ditu. "Denak dira arerioak, baina Kolonbia, Estatu Batuak, Italia eta Zeelanda Berria dira, akaso, gogorrenak" gaineratu du selekzionatzaileak. Joseba Fernandez iturmendiarra ilusio handiarekin dago, prestaketa egokia egin baitu. Horrek konfiantza handia ematen dio. "Nahikotxo entrenatu dut eta uste dut iazko zazpigarren postua hobetu ahal dudala. 200 metroko proban lehendabiziko bosten artean egonez gero oso kontentu egongo nintzateke" adierazi du.