Gobernuak eskolaren eraikuntza atzeratu egin du

Guaixe 2010eko urriaren 14a

Iturmendiko Arrano Beltza eskola publiko berria egiteko lanak aurten hastekoak ziren, baina duela hilabete bat jakin du udalak "atzeratu" egin direla. Hezkuntza Departamentuak jakinarazi digutenez, "Iruñerrian eskolaratzeko premia larriak sortu dira. Eskaera gehiago dago eta, beraz Iruñerrian lanak egitea premiazkoagoa zen". Hezkuntza Departamentuko arduradunak azaldu digunez, "gastuan lehentasunak jarri beharra dago, batez ere krisi garai honetan". Iturri berak, hala ere, zehaztu nahi izan du "atzeratzea erabaki dugu, baina horrek ez du esan nahi egin behar ez dugunik". Eskola berriaIkastetxe berriko lanak aurten hastekoak ziren, heldu den ikasturtea ikastetxe berrian hastea baitzen. Nafarroako Gobernuak martxoaren 15ean egindako bilkuran lan horietara bideratu beharreko dirua ere onartu zuen: 630.000 euro eta eraikina janzteko beste 50.400. Nafarroako Gobernuak orduan zehaztu zuenez, eraikin berriak gutxienez lau gela izanen ditu. Horrekin batera, erabilera anitzeko gela, komunak (ikasleendako bi eta irakasleendako bat), zuzendariaren bulegoa, biltegia eta 50 m2-ko aterpea. Horren guztiaren berri izanik, Iturmendiko Udalak herriaren ekialdean, eliza ondoan, etxebizitzak eta ikastetxea hartuko dituen eremua aurreikusi zuen. Inguru hartara uraren, ur zikinen, telefonoaren eta gasaren sareak eramateko lanak egin zituen iaz. Egin beharrekoa egin ondoren Hezkuntza Departamentuaren erabakiarekin eta etxebizitzen eraikuntza geldiarazi duen krisiarekin topo egin du Iturmendiko Udalak. BileraAsteazkenean Iturmendiko Udaleko kide gehienak eta Arrano Beltza eskolako zuzendaria Iruñean izan ziren, Hezkuntza Departamentuko kideekin bilduta. Lehen eskutik jaso zuten lanen geldiaraztearen berria. Nicolas Arbizu alkateak azaldu digunez, "berriarekin gaizki gelditu gara, baina herrian eskola berria lortzeko lanean segituko dugu". Alkateak azaldu duenez, "eskola herriarendako garrantzitsua da, haurrak errotzeko, herriak bizia izateko". EraginaBestelako asmoak ere geldiarazi ditu departamentuaren erabaki horrek. Izan ere, eskola berria martxan jartzean ikastetxe zaharrera mediku kontsultategia pasatzeko planak egina zituen udalak. Hori ere atzeratu eginen da. Eta horrekin batera, mediku etxearen salmenta. Estafeta kalean dagoen eraikina Bakaiku, Iturmendi eta Urdiaingo udalek partekatzen dute eta salgai jarri nahi zuten, baina asmoa bertan behera gelditu beharko da oraingoz.