Ukuilua zena gaztetxea bihurtuta

Guaixe 2011ko urtarrilaren 13a

Aurreko ostiralean, 10:15ean, sartu ziren Iturmendiko Gazte Asanbladako (IGA) kideak ukuilua okupatzera. Gazte batzuk barruan giltzapetu ziren. Aldi berean, gazte batzuk iturmendiarrei zuzendutako idatzia banatu zuten etxez etxe. Ostiralean bertan manifestazioa eta auzatea ere egin zuten. Okupazioaren ondoren gazteak eraikina garbitzen hasi dira. "Etxea ondo jartzen saiatu, beharrezko obrak eta lanak egin, eta ondoren gazte asanbladatik ateratzen diren ideia guztiak egiten saiatu gara". IGAtik azaldu digutenez, "leku libre baten beharrean geunden. Orain arte 12 m2ko toki batean geunden". Herriari makina bat ekintza eskaini dizkiotela eta haiek aurrera eraman ahal izateko leku fisiko bat behar zutela azaldu digute IGAkoek. "Gazteon behar asko asetzeko ere gaztetxea beharrezkoa dugu". Gazteek "aspaldi" ikusi zuten lokal baten beharra. Etxez etxe sinadurak bildu izan dituzte, udalarekin bilera ugari egin dituzte, kontzentrazioak eta duela hiru urte ere okupatutako ukuilu berean sartu ziren, "ezer prestatu gabe eta gaizki atera zitzaigun". Herritarren aurrean duten espazio premia nahiko arrazoituta dagoela uste dute IGAko kideek. Iturmendiarrek okupazioaren berria "oso ondo" hartu dutela azaldu digute eta laguntza asko jaso dutela. EraikinaKonsistorial kaleko 5. zenbakian dago okupatutako eraikina. Urteak hutsik dagoen etxe baten estarbia da gaztetxe bihurtu dutena. Gazteek diotenez, etxea ez bezala ukuilua "nahiko ondo dago bere momentuan konponketak izan zirelako".Haren jabea, Ximona, hil zenean fundazio bat arduratu zen haren ondasunez. 2006an sortu zen fundazioa eta bere helburua da "elizaren gobernuz kanpoko erakundeen bidez hirugarren munduko karitate lanei laguntza ematea". IGAtik jakinarazi digutenez, okupatu aurretik fundazioarekin harremanetan jartzen saiatu dira hainbat modutan, haien egoitzan ere izan dira, "baina ez dugu erantzunik jaso, ezta inorekin hitz egin ere".