Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Iturmendiko Arrano Beltza ikastetxeko Aaron Arbizu nagusitu da Mikro-ipuinen lehiaketan, Lehen Hezkuntzako kategorian. Horregatik, Iturmendik hartu zuen sari banaketa ekitaldia. Kalejira alaiaren ondoren, Auzoan bildu ziren lehiaketaren antolatzaileak eta sarituak. Arrano Beltza ikastetxeko ikasleek ederki apaindu zuten aretoa.Sariak Euskara Kultur Elkargoko Koldo Martinezek eta Pamiela argitaletxeko Jose Angel Irigaraik eman zituzten. Gonbidatu berezia ere izan zen, Asisko Urmeneta margolaria. Iruindarrak karikatura bana oparitu zien sarituei. Gainera, diploma, liburu sorta eta Iturmendiko txikien koadro bana jaso zuten. Saria jasotzen azkena etxekoa izan zen, Aaron Arbizu etxarriarra. Gazteak saria eman dion Koilara hiltzailea mikro-ipuina irakurri zuen eta herritarren txalo zaparrada jaso zuen.Herriko ikasleek musika, perkusioa eta asmakizunak eskaini zituzten eta Urdiaingo herri eskolako ikasleek bidalitako bertsoak abestu zituzten.