Zoruak eta sareak berritzeko lanen 3. fasea eginen da aurten

Guaixe 2011ko apirilaren 6a

Hegotik iparrera zeharkatzen du Iturmendi Atxumendi errekak. Bere garaian lurpean sartu zen eta ondoko etxeetako ur beltzak hara bideratu zituzten. Egoera hori zuzentzeko lanak eginen dira erreka doan kale guztietan, herriaren hegoaldean dagoen Atxumendi kalean hasi, Elizalde kalea, plaza, Ostatu kalea eta hilerri ondoan dagoen Arloskaraino.Herriaren zati horretan zehazki kableak lurperatzea, sareak, argiteria eta zorua berrituko dira.  Euri urak eta ur beltzak banatzearekin Bakaikun dagoen araztegiaren funtzionamendua hobetu eginen da, bestela, gainezka egiten baitu. Gainera,lan horiekin batera, herriaren zati horretan ere gas azpiegitura sartuko da, eta gero sarea herri guztira zabalduko da. Nicolas Arbizu alkateak azaldu digunez, "hirugarren fase hau despedituta, herriaren heren baten azpiegiturak berrituta geldituko dira". Arbizuk zehaztu digunez, "Iturmendi Sakanako Mankomunitateko beheko ur horniduran sartu denez, ur hornidurari eta saneamenduari dagozkion lanen gastuak Mankomunitateari pasako dizkiogu, hark ordain ditzan". Lanak uda aurretik has litezke eta bost hilabete iraunen dute. Nafarroako Gobernuaren Toki Azpiegituren Planaren bidez lanen aurrekontuaren %70 estaliko da.  Lanak, berez, heldu den urtean egitekoak ziren, baina Iturmendiko Udalak aurreratzea eskatu zuen. Alkateak azaldu digunez, udalaren ekonomia "ez dago gaizki". 1.108.000 euroHori da aurten Iturmendiko Udalak duen aurrekontua. Lanetara dago bideratuta dena.Babes ofizialeko etxebizitzakAurki emanen dituzte autobia ondoan eraiki diren babes ofizialeko 9 etxebizitzak. Gazte iturmendiarrak erosi dituzte. Nicolas Arbizuk azaldu digunez, Muroa enpresak babeseko beste bloke bat eginen du inguruan.