Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzokoan Iturmendiko Arrano Beltza eskola publikoa bisitatu zuen Alberto Catalan Higuerasek, hezkuntza kontseilariak. Iturmendiko Udalak gonbidatu zuen, ikastetxea bertatik bertara ezagutu zezan. Nicolas Arbizuk herrian eskola berria egiteko diru-laguntza eskatu zion kontseilariari. Izan ere, Hezkuntza Departamentuak iazko martxoan Iturmendin eskola egiteko diru-saila onartu zuen, baina agorrilean atzera bota zuen. Krisiagatik dirua Hezkuntza Departamentuaren beste behar batzuetara bideratu behar zela argudiatu zuten orduan. Nicolas Arbizuk esan digunez, "Agorrileko erabakiak jota utzi gintuen. Guk gure lana egina dugu. Ia 4.000 m2ko lursaila erosi dugu eta beharrezkoak diren azpiegiturak haraino eraman ditugu. Lursaila prest dago. Orain departamentuaren txanda da". Iazko udazkenean Iruñean izandako bileretan eskaera bera egin zion udalak kontseilariari. Arbizuk azaldu digunez, "eskola herrian mantentzea gauza handia da. Zerbitzu garrantzitsua da".