Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Herriaren hegoaldean dagoen Atxumendi kalean hasi, Elizalde kalea, plaza, Ostatu kalea eta hilerri ondoan dagoen Arloskaraino. Tarte hori hartzen du Iturmendiko sareak eta zoruak konpontzeko 3. faseak. Iturmendiko Udalak lanak Florencio Suescun Construcciones SL enpersari eman dizkio lanak, 582.797,26 euroren truke (BEZ kanpo). Enpresak bere eskaintzarekin %15,11 jaitsi du aurreikusitako prezioa. Iturmendiko Udala enpresarekin harremanetan jarri da lanak hilabete honetan, lehenbailehen has daitezen. Bost hilabete iraunen dute lanek. Nafarroako Gobernuaren Toki Azpiegituren Planaren bidez lanen aurrekontuaren %70 estaliko da. Bestalde, Iturmendi Sakanako Mankomunitateko beheko ur hornidura zerbitzuan sartu denez, ur hornidurari eta saneamenduari dagozkion lanen gastuak Mankomunitateari pasako dizkio. EgitekoaHegotik iparrera zeharkatzen du Iturmendi Atxumendi errekak. Bere garaian lurpean sartu zen eta ondoko etxeetako ur beltzak hara bideratu zituzten. Egoera hori zuzentzeko lanak eginen dira erreka doan kale guztietan.Iturmendiren zati horretan zehazki kableak lurperatzea, sareak, argiteria eta zorua berrituko dira. Euri urak eta ur beltzak banatzearekin Bakaikun dagoen araztegiaren funtzionamendua hobetu eginen da, bestela, gainezka egiten baitu. Gainera, lan horiekin batera, herriaren zati horretan ere gas azpiegitura sartuko da, eta gero sarea herri guztira zabalduko da.Nicolas Arbizu alkateak azaldu digunez, "hirugarren fase hau despedituta, herriaren heren baten azpiegiturak berrituta geldituko dira".