Iturmendiarrek mendi gainera eramanen dute gaur ospakizuna, Santa Marinan bilduko dira eta. Atzo baino eguraldi hobea badute ere, ederki babestu beharko dute hotzetik. Karmenak ostiralean abiarazi zituzten gazteek makina bat ekintzarekin. Bigarren etxajuak, udalarenak, larunbatean eztanda egin zuen, Nicolas Arbizu alkateak piztu ondoren. Meza izan zen ondoren. Ohi denez, iturmendiarrek Karmengo Amaren irudia prozesioan atera zuten herrian barna. Elizkizuna despeditu ondoren, auzatea izan zen. Jan edanean ari zirela, aurtengo sorpresetako bat agertu zen plazan: ur-zezena. Zezena herritarren artean atzera eta aurrera ibili zen, haiek bustiz. Delfin Goikoetxeak prestatu duen ur-zezenak maila ezberdinetan 9 ur tiradore ditu. Batzuk finak dira, txorrota ederra botatzen dute besteek. Goikoetxeak esan digunez, duela bi urte antzeko zerbait izan zen festetan, baina quad baten gainean jarrita. Arriskutsua zela iritzita, gurdi bat moldatu eta zerbait egitea otu zitzaion. Lortutako zezen baten moldearekin egin du ur-zezena Goikoetxeak. Beira-zuntza erabili du horretarako. Ura botatzeko ur-punpak ditu barnean zezenak eta marru ere egiten du. Guztia bateriarekin dabil. Gurdia eramaten duenak eskuetan botoiak ditu, eta haiek sakatzean zezenak batetik edo bestetik botatzen du ura. 25 litroko biltegia du. Urarekin entretenimendua izan dute eguerdi eta arratsaldeetan, beraz, Iturmendin. Goikoetxearen asmoa da beste herrietako festetarako alokatzea zezena. Larunbatean, bestalde, Bakaikuko eta Iturmendiko parrokiek plaka bat eman zioten Fernando Razkin Telleria apaizari. Horrela omendu nahi izan zuten. 25 urte egin ditu apaiz eta 10 bi herrietan. Egunsentian, berriz, patroiaren egunean ohikoa denez, aurora kantatu zuten iturmendiarrek. Dozena bat bildu ziren eta 13 bakaikuarren laguntza jaso zuten horretarako. BazkariaAlfonso Gabirondo eta Sonia Agirreren ekimenez, aurten estreinakoz gabirondotarrak bazkari batean bildu ziren. Igandean izan zen eta familiako 200 bat kide bildu ziren. Haien artean zeuden Bartzelonatik etorritako Constatino Gabirondo eta 90 urte dituen gipuzkoar bat. Nicolas Arbizu Gabirondok herriko historia ikertu du eta azaldu digunez, "1.840. urtean etorri zen Hernanitik Ignacio Gabirondo. Haren seme Andresek 12 seme-alaba izan zituen. Haietatik 9 ezkondu ziren eta horrela zabaldu zen abizena".