Eskola berria egiteko akordioa sinatuta

Guaixe 2011ko irailaren 8a

Iturmendiko Udalak lanen 410.000 euroak aurreratuko ditu eta Nafarroako Gobernuak bi urtetan bueltatuko dio diruaAtzo Iruñera joan zen Nicolas Arbizu Iturmendiko alkatea. Herrian eskola berria eraikitzeko Hezkuntza Departamentuarekin hitzarmena sinatu zuen. Sinatutakoaren arabera, Iturmendiko Udala arduratuko da eraikuntza-proiektu honen esleipen-espedienteak izapidetzeaz, proiektua idazteaz, obren zuzendaritza teknikoaz eta haiek egikaritzeaz. Arbizuk jakinarazi digunez, eskola berriaren proiektua aurten egin eta eman nahi dute, lanak heldu den urtean hasi eta 2012/2013 ikasturterako ikastetxe berria mustu ahal izateko. Eskola berriaHerriaren ekialdean udalak duen 3.884 m2-ko lur-sail batean kokatuko da eskola berria. 25 eta 30 haur artean hartuko ditu ikastetxe berriak. Haietaz, lau irakasle arduratuko dira. Nicolas Arbizuk bere garaian aurreratu zigunez, eraikin bioklimatikoa eta eraginkortasun energetikoduna jaso nahi dute, "udalarendako karga ekonomiko txikiagoa izateko". BanaketaHiru ikasgela (40 m2), erabilera anitzeko ikasgela bat (60 m2), ikasleentzako bi komun (15 m2) eta irakasleentzako beste bat (5 m2), garbiketako gela bat (2 m2), zuzendaritzako bulegoa (20 m2), instalazio-gela bat (10 m2) eta estalpe bat (60 m2).