Hauteskunde aurrekoa

Guaixe 2011ko abenduaren 23a

Hilabete pasa da hauteskundeetatik eta dagoeneko udal berria sortu da, Bilduko zazpi zinegotziak dagoeneko lanean hasi dira. Haiena izan zen hauteskundeetara aurkeztutako zerrenda bakarra. Aurretik primaria moduko batzuk egin ziren Iturmendin. Ezker abertzaleak lau hautagai aurkeztu zituen eta azken orduan beste zerrenda bat aurkeztu zen. Zerrenda horretako pertsona batzuk, antza, ez zituzten ezta kontsultatu ere, Iturmenditik azaldu digutenez. Bigarren zerrendako zazpi hautagaiak izan ziren iturmendiarren babes gehien lortu zutenak. Haien artean aurreko udalean egondako pertsonak zeuden, baina nekeagatik edo, udalean ez errepikatzeko erabakia hartu zuten. Zazpi pertsona bozkatuen arteko akordiorik ez zen izan, udalean eskarmentua zuen norbait egotea nahi baitzuten batzuk. Geroko bileretan ere ez zen akordiorik izan. Victoriano Gabirondo alkateak Beleixe Irratian (FM 107,3) azaldu zuenez, egoera hartan "pixka bat behartuta ikusi dugu geure burua zazpiko zerrenda osatzera".