Iturmendiko gaztetxea hormatuta

Guaixe 2012ko urtarrilaren 20a

Asteazken goizaldean ateak eta leihoak hormaz itxita zituela agertu zen Iturmendiko gaztetxea. Berehala zabaldu zen berria herrian. Iturmendiko Gazte Asanbladarendako sorpresa izan da.Iturmendiko gazteek "leku libre baten beharra" zuen. Hori dela eta, Iturmendiko Gazte Asanbladak Konsistorial kaleko 5. zenbakian dagoen eraikina okupatu zuen 2011ko ilbeltzaren 7an. Gazte Asanbladaren esanetan "etxea erabat utzita zegoen aspaldi". Etxea guztiz hondatua bazegoen ere, ondoko ikuilua "nahiko ongi" zegoen, eta hura okupatu zuten. Estarbiak Iturmendiko gaztetxea hartu du urte betez. Urte betean hainbat jarduera antolatu dituzte eta zenbait obra egin dituzte gaztetxean: "hondatuta zegoen estarbia garbitu, zorua eta tuberiak konpondu, paretak txukundu... Orain, etxea eta estarbia bereizten zituen horma, hondatuen dagoena, konpontzeko asmoa genuen" azaldu dute. Baina leihoak eta ateak itxita aurkitu dituzte. Okupatutako eraikinaren jabea, Ximona, hil zenean fundazio bat arduratu zen haren ondasunez. 2006an sortu zen fundazioa "elizaren gobernuz kanpoko erakundeen bidez hirugarren munduko karitate lanei laguntza emateko" helburuarekin. Eraikina erortzeko arriskuan deklaratua zegoen. Ondorioz, jabeek eraikina hormatu eta puntalatu behar zuten. "Bagenekien aurreko udalak obra baimena eman zuela, baina denborak aurrera egin du, eta uste genuen dagoeneko ez zutela itxiko" zioten. Hormatu bai, baina antza ez dute eraikina puntalatu. Gaur asanblada bereziaIturmendiko Gazte Asanbladak jakinarazi duenez, "ez dugu gaztetxea uzteko asmorik". Jarraitu beharreko urratsak adosteko asanblada berezia eginen dute gaur, gaueko 20:00etan.