Gaztetxea hormaz itxita

Guaixe 2012ko urtarrilaren 27a

Gazte Asanbladaren batzarrak erabaki du herrian gaztetxe bat beharrezkoa dela eta ideia horrekin daude Joan zen asteko asteazken goizaldean ateak eta leihoak hormaz itxita zituela agertu zen Iturmendiko Ximona gaztetxea. Iturmendiko Gazte Asanbladak sorpresarekin hartu zuen eta herrian berehala zabaldu zen berria. Aurreko ostiralean egoera aztertzeko batzartu ziren gazte asanbladako kideak. Iturmendiko gazteek orain dela urte bete okupatu zuen gaztetxea. Okupatutako eraikinaren jabea, Ximona, hil zenean fundazio bat arduratu zen haren ondasunez. 2006an sortu zen fundazioa "elizaren gobernuz kanpoko erakundeen bidez hirugarren munduko karitate lanei laguntza emateko" helburuarekin. Eraikina erortzeko arriskuan deklaratua zegoen, eta, beraz, jabeek eraikina hormatu eta puntalatu behar zuten. "Bagenekien aurreko udalak obra baimena eman zuela, baina denborak aurrera egin du, eta uste genuen dagoeneko ez zutela itxiko" azaldu digu Gazte Asanbladako kide batek. Hormatu bai, baina antza ez dute eraikina puntalatu.AurrekariakIturmendiko Gazte Asanbladak Konsistorial kaleko 5. zenbakian dagoen eraikina okupatu zuen 2011ko ilbeltzaren 7an. Gazte Asanbladaren esanetan "etxea erabat utzita zegoen aspaldi". Haien jarduerak burutzeko "leku libre baten beharra" zuten eta han aurkitu zuten. Etxea guztiz hondatua bazegoen ere, ondoko ikuilua "nahiko ongi" zegoen, eta hura okupatu zuten. Estarbiak Iturmendiko gaztetxea hartu du urte betez. Urte betean hainbat jarduera antolatu dituzte eta zenbait obra egin dituzte gaztetxean: "hondatuta zegoen estarbia garbitu, zorua eta tuberiak konpondu, paretak txukundu... Orain, etxea eta estarbia bereizten zituen horma, hondatuen dagoena, konpontzeko asmoa genuen" azaldu dute. Baina leihoak eta ateak itxita aurkitu dituzte. Iturmendiko Gazte Asanbladak jakinarazi duenez  "ez dugu gaztetxea uzteko asmorik". Joan zen ostiralean asanblada izan zuten aurrerantzean eman beharreko urratsak adosteko.