Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Udala jabetza duen fundazioarekin ari da hizketan, hura eskuratzeko. Eraikin dotazionala izendapena du etxeakOstiralean, 19:30ean, Iturmendiko Gazte Asanbladako (IGA) kideak, atzera ere, gaztetxera sartu ziren, Ximona etxeko ukuilua zenean. Ilbeltzaren 18an, ateak eta leihoak adreiluz itxi zituen eraikinaren jabe den fundazioak. Gazte iturmendiarrak ohar bidez azaldu dutenez, IGAk hasieratik argi izan du gaztetxearekin aurrera jarraituko zuela.Eraikinaren bigarren okupazioan IGAko lau kide eraikin barrura sartu ziren eta, badaezpada, barruan itxi ziren. Han gaua pasatzeko asmoa zuten. Kanpoko aldean gazte talde bat gelditu zen babesa eman asmoz. Barrura sartu eta 10 minutura Foruzaingoaren bi patruila agertu ziren, "aldamenekoren batek gaztigatuta". IGAtik azaldu dutenez, kalean zeuden gazteak identifikatu eta miatu zituzten, "etxean indarrez sartze delituaren ustezko egile" izan zitezkeelako. Erantzun hori eman zieten gazteei identifikatzera ukatu eta azalpenak eskatu zituztenean. Identifikazioen ondoren alde egin zuten.Identifikazio gehiagoLarunbatean, 11:00ak aldera, Guardia Civilak agertu ziren gaztetxeko atean, "barrukoak atera nahian". Berria herrian zabaldu zen eta gazteak gaztetxe atera hurbildu ziren. Atzera ere, identifikatuak izan ziren. Denbora tarte txikian "aldameneko batekin tira bira batzuk izan genituen" eta berehala kalez jantzitako bi foruzain agertu ziren. Auzokoa etxera bidali zuten eta gazteak galdekatu egin zituzten eta gaztetxetik ateratzeko eskatu zieten. Ondoren, atzera ere, identifikatuak izan ziren.Gaztetxea egun bat eman ondoren, barruan zeuden gazteak atera egin ziren eta eraikina itxi egin zuten. "Hemendik aurrera lasaitasun eta normaltasun osoz sartzeko asmoa dugu, baina egoera aztertu beharra dugu".Gazte asanbladako kideek Foruzaingoa hots egin zuen auzokideari zuzenduta nahi izan zaizkio: "gurekin arazoren bat badute guregana etor daitezke, hitz egiten badakigu, ez dago polizia deitzeko beharrik". Poliziaren jarrera salatu dute eta argi utzi nahi izan dute "ametsa eraikitzen jarraituko dugula".IGAko kideek esan dutenez, iaz eraikina okupatu zutenetik egokitzapen lanak egin dituzte, zorua jarri eta paretak jaso. Haien erritmoan lanean jarraitzeko asmoa azaldu dute eta urteurrena ospatzeko auzateren bat eginen dutela aurreratu zuten. Aldi berean, Sakanako irrati euskaldunaren bidez, gaztigatuta ostegunean agertu ziren Etxarriko eta Altsasuko gazteei eskerrak eman zizkieten, baita urtean zehar laguntza eman dieten guztiei.Erosteko harremanetanIturmendiko alkate Victoriano Gabirondo Lanz-ek azaldu digunez, Ximona etxearen jabe den fundazioarekin harremanetan daude, eraikina eskuratzeko asmoz. Eraikinaren balorazioa egin du udalak eta haren berri eman dio fundazioari. Erantzunaren zain daudela esan digu alkateak.Gabirondok esan digunez, 2001. urte aldera, Ximona etxea aurri egoeran zegoen eta eraikina dotazional gisa izendatu zuen udalak, "herriarendako interesgarri eta beharrezko" jotzen zuelako. Gabirondok jakinarazi digunez, udala biltegi baten beharrean zegoen orduan eta orain. Udalak gazteen beharrak ere kontuan izanen dituztela esan digu.Dotazio eraikina izendatu ondoren, kudeaketa batzordeko kideak eraikina eskuratzen saiatu zirela, baina asmoa ez zela gauzatu jakinarazi digu Gabirondok. Udalera sartu direnean zabalik zegoen espedienteari segida eman diotela azaldu digu alkateak. Dotazio-eraikin izendapenak etxe-jabeari hura saltzeko muga asko jartzen dio, udala erosle bihurtuz.