Joseba Fernandezek urrezko izaten jarraitzen du

Guaixe 2012ko ekainaren 5a

Asteburuan Espainiako Zirkuituko Irristaketa Txapelketak jokatu dira Iruñeko Antoniuttin, seniorren eta juniorren mailan. Berriro Ere taldean dabilen Joseba Fernandez iturmendiarrak puntan jarraitzen duela demostratu du. Fernandez 500 metro esprintean lehena izan zen (42.579), eta urrezko domina ere lortu zuen 200 m erlojupekoan (16.313). Iturmendiarrak munduko errekorra du 200 m eta 300 m erlojupekoan. Joseba Fernandezen hurrengo helburua irailean Italian jokatuko den Munduko Irristaketa Txapelketa prestatzea da. Guztira 278 irristalari aritu dira Antoniuttin. Sakana Irristaketa Klubetik Cristina Aldeano aritzekoa zen baina, lesionatuta dagoenez, ezin izan du aritu. Bestalde, Sakanako klubean oso pozik daude irristalariek duela bi asteburu Bartzelonan jokatutako Espainiako Zirkuituko Irristaketa Txapelketan egindako lanarekin.