Eskoletako txirrindularien lasterketa bihar Iturmendin

Guaixe 2012ko uztailaren 13a

Iturmendiko festen barruan, bihar, larunbatean, hilaren 14an, eskoletako txirrindularien lasterketa izanen da 17:00etatik aurrera, Burunda Txirrindularitza klubak antolatuta. Txirrindulari gaztetxoenek ginkana proba eta lasterketa osatu beharko dituzte. Aralar eta Burunda taldeetan dabiltzan txirrindulari gazteenak lanean ikusteko aukera bikaina eskainiko du Iturmendik. Proba Nafarroako Kirol Jolasetarako baliagarria izango da. Lasterketan, 1.500 metroko zirkuituari itzuli 1 eman beharko diete promesek eta hasi berrien lehen urtekoek, 2 itzuli hasi berrien 2. Urtekoek, 3 itzuli kimuen lehen urtekoek, 4 itzuli kimuen 2. Urtekoek, 8 itzuli haurren lehen urtekoek eta 10 itzuli haurren 2. Urtekoek. Bestalde, kadeteek igandean lasterketa dute Fontellasen, 11:00etan, eta larunbatean Igantzik BTT lasterketa hartuko du 15:00etan. Afizionatuek bi lasterketa dauzkate. Larunbatean 23 urtez azpiko afizionatuen proba izanen da Sopelan, 16:00etan (122,5 km), eta igandean Beasainek elite eta 23 urtez azpiko mailen 148 km-ko proba hartuko du 9:30ean.