Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hamarren bat iturmendiar ari dira azken asteburuetan Pilareko ermitan lanean. Aurten 301 urte bete dituen ermitako teilatua berritu dute. Horrekin batera, zorua eta aldarea ere txukunduko dute. Pilareko egunerako, lastailaren 12rako, despeditu nahi lituzkete. Lanek 2.500 euroko aurrekontua dute. Dirua iturmendiarrek emandakoa da eta Nafarroako Kutxaren proiektuaren bidez lortu dute. Aurten bertan, San Pedro egunean, iturmendiar talde horren lanaren fruitua ikusteko aukera izan zuten herritarrek. Izan ere, udaberrian San Pedro ermita berritu zuten. Premia bazuen 30 urte baziren eta azkenekoz berritu zela. Teilak kendu eta azpian isolatzailea jarri zuten, berriro teila berak jartzeko. Horretaz gain, aldarea eta XVIII. mendeko irudia txukundu zituzten. Gainera, adreilu-zoladuraren ordez zeramikoa jarri zuten. Lanek 6.000 euroko aurrekontua izan dute eta Pilarekoaren modura finantzatu da. Iturmendik beste bi ermita ditu. Alde batetik, Aizagakoa, aspaldi berritu zena. Eta bestea, Bakaikurekin batera partekatzen duena, Santa Marina. Duela 2 urte haren teilatua berritu zuten.