Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako Gobernuak 2012ko Nafarroako Kirolari onena izendatu du Ioseba Fernandez irristalari iturmendiarra. Berarekin batera, emakumezkoetan Andrea Barnó eskubaloi jokalaria izendatu dute kirolari onena. Horretaz gain, Nafarroako Gobernuak ondoko talde eta kirolariak saritu ditu: talde onena areto futboleko emakumezkoen Lacturale taldea; kirol federazio onena Nafarroako Atletismo Federazioa; kirol klub onena El Molino kluba; kirol buruzagi onena Anaitasunako lehendakari ohi Javier Labairu eta kirol teknikari onena Héctor Rondán txirrindularia. Nafarroako Kirolari Onenak izendatzeko epai mahaia Nafarroako Kirol Institutuko ordezkariek eta Nafarroako komunikabideetako profesionalek osatu dute. Aipatu golardoetara Nafarroako Kirol Institutuko erroldan dauden kirol klub eta federazioek egin ahal zituzten euren proposamenak. Munduko onena, Sakanako onena eta Nafarroako onenaZer esan dezakegu jada Ioseba Fernandez Fernandez iturmendiarrari buruz? 2012a bere urtea izan zen, zalantzarik gabe. Italiako Ascoli Picenon eta San Benedetton jokatutako Munduko Irristaketa Txapelketan urrezko domina lortu zuen zirkuituko 200 metroko erlojupekoan, munduko errekorra apurtuz. Inoiz inork egindako marka onena egin zuen, lehen aldiz 16 segundotatik jaitsiz: iturmendiarrak 15,879an utzi du munduko errekor berria. Horretaz gain, 300 metroko erlojupekoan zilarra lortu zuen. COI-k (Comité Olimpico Internacional) errekonozimendua egin zion: kirol merituari domina olinpikoa eman zion 2012an. Eta lorpen hauei beste hamaika txapelketa eta proba gehitu behar zaizkio. Munduko txapeldunari mota guztietako omenaldi eta sariak eman dizkiote. Tartean, Sakanako Mankomunitateak Sakanako kirolari onena izendatu zuen, eta, besteak beste, harrera egin zioten Nafarroako Gobernuan eta baita Madrilen, gainontzeko kirolari olinpikoekin batera. Orain Nafarroako kirolari onenaren izendapena iritsi zaio. Zorionak!