Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo burutu zen ekitaldia Nafarroako Jauregian, Yolanda Barcina presidentea buru zelaNafarroako Gobernuak 2012ko Nafarroako Kirolari onena izendatu du Ioseba Fernandez irristalari iturmendiarra. Atzo eguerdian izan zen sari ematea Nafarroako Jauregian, Yolanda Barcina presidentea buru zela. Ioseba Fernandezekin batera, emakumezkoetan Andrea Barnó eskubaloi jokalaria izendatu dute kirolari onena, emakumezkoen Lacturale taldea talde onena; Nafarroako Atletismo Federazioa kirol federazio onena; El Molino kluba kirol klub onena; Anaitasunako lehendakari ohi Javier Labairu kirol buruzagi onena eta Héctor Rondán txirrindularia kirol teknikari onena. Nafarroako Kirolari Onenak izendatzeko epai mahaia Nafarroako Kirol Institutuko ordezkariek eta Nafarroako komunikabideetako profesionalek osatu zuten. Aipatu golardoetara Nafarroako Kirol Institutuko erroldan dauden kirol klub eta federazioek egin ahal zituzten euren proposamenak. Munduko onena, Sakanako onena eta Nafarroako onena2012a izan da Ioseba Fernandez Fernandez irristalari iturmendiarraren urterik onena. Italiako Ascoli Picenon eta San Benedetton jokatutako Munduko Irristaketa Txapelketan urrezko domina lortu zuen zirkuituko 200 metroko erlojupekoan, munduko errekorra apurtuz. Inoiz inork egindako marka onena egin zuen, lehen aldiz 16 segundotatik jaitsiz: iturmendiarrak 15,879an utzi du munduko errekor berria. Horretaz gain, 300 metroko erlojupekoan zilarra lortu zuen. COI-k (Comité Olimpico Internacional) errekonozimendua egin zion: kirol merituari domina olinpikoa eman zion 2012an. Eta lorpen hauei beste hamaika txapelketa eta proba gehitu behar zaizkio. Munduko txapeldunari mota guztietako omenaldi eta sariak eman dizkiote. Tartean, Sakanako Mankomunitateak Sakanako kirolari onena izendatu zuen, eta, besteak beste, harrera egin zioten Nafarroako Gobernuan eta baita Madrilen, gainontzeko kirolari olinpikoekin batera. Atzo Nafarroako kirolari onena izendatu zuten.