Ama lurraren aldeko hilabetea

Guaixe 2013ko apirilaren 8a

Izendapen hori eman dio Iturmendiko Gazte Asanbladak, IGAk, apirilerako antolatu duen agendari. Amalurraren kontrako egitasmoen nondik norakoen berri ematea du helburu IGAk. Hala, hileko aste bakoitza egitasmo bati eskaini dio. Aurreko astean Olatzagutiko errausketa egitasmoaren kontrako astea izan zen. Aste honetan, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) kontrakoa da. Hari buruzko erakusketa domekara arte ikusgai izanen da. Horretaz gain, bihar, 19:30ean dokumental emanaldia izanen da auzogelan. Toki berean, ostiralean, 19:00etan, AHTri buruzko hitzaldia izanen da. IGAk heldu den astea haustura hidraulikoari edo fraking-ari eskaini dio. Buztin geruzetan dagoen gasa ateratzeko teknika horren berri ematen duen erakusketa aste guztian ikusgai izanen da. Horretaz aparte, heldu den asteartean, 19:30ean, dokumental emanaldia izanen da. Eta ostiralerako hitzaldia iragarri dute. Hilabetea despeditzeko argindar linearen kontrako informazioa zabalduko du IGAk. Ekimen horrekin "proiektu txikitzaile horiek guztiak gelditzea" aldarrikatu du.