Ximona gaztetxea mustuko dute gaur

Guaixe 2013ko maiatzaren 10a

Iturmendiko Gazte Asanbladak (IGA) duela bi urte okupatutako eraikina, gaur gaztetxe bihurtuta zabalduko ditu ateak. Ospakizuna Sakanako gainontzeko gazte asanbladetako kideekin ospatu nahi dute Iturmendin, hala haien laguntza eskertu nahi baitute. Baina esker ona lagundu dieten iturmendiar guztiei zabaldu diete. Mustutzeak San Migel festekin bat egiten du eta ez da jai girorik faltako. Hori bai, asteartean despeditu zuten Javiero guztien gogoan izanen da.

Momentuz solairu bakarra du gaztetxeak. Komuna, biltegia, barra eta beheko sua jarri dituzte, zorua eta paretak txukuntzearekin batera. IGAko kideek uste zutena baino espazio gehiago dute. Gainera etorkizunean bigarren solairua egiteko asmoa dute. Behin lokala izanda, "tailerrak eta herriagatik ahal dena egiteko prest" daude IGAko kideak.

Bidea
Gazte iturmendiarrek haien jarduerak egiteko lokal baten premia sumatua zuten aspaldi. Etxe bat ere begiz jo zuten. 2011ko ilbeltzaren 7an okupatu zuten IGAko kideek Simona Maria Marsan Superviell fundazioaren eraikina, aspaldi hutsik zegoena. Sartu bezain pronto txukuntze eta eraikuntza lanak egin zituzten gazteak eta, aldi berean, fundazioarekin harremanetan jarri ziren. Udalak eraikinaren aurri egoera nabarmendu zien eta aldamenek zarata, zikinkeria eta abarrekin kezka izan zuten. "Aurreko udala aurka jarri zen", azaldu dute IGAkoek. Udala bera ere fundazioarekin harremanetan jarri zen. Joan zen urteko ilbeltzaren 18an fundazioak gaztetxea tapiatu egin zuen. Gazteak otsailaren 3an berriro sartu ziren eraikinean. Horrek Guardia Zibilaren eta Foruzaingoaren bisitak eta identifikazioak ekarri zituen. Udalak gaztetxea eta ondoko eraikina erosi zituen eta IGAren egoera "dexente hobetu eta zalantza guztiak uxatu" ziren.

Egitaraua
Maiatzak 10, ostirala
19:00etan Kalejira.
20:00etan Gaztetxearen historia laburraren proiekzioa eta auzatea.
21:30ean Gazte asanbladen arteko afaria.
Afaldu ondoren: Poteoa gaztetxean eta DJ Sergey elkartean.

Maiatzak 11, larunbata
17:00etan Herriko haurren pilota partidak.
18:30ean Herri kirolak.