Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak herri kirolak babesteko apustu sendoa egin zuen 2004an: Sakanako Aizkora eskola eta Sakanako Harri-jasotze eskola sortzea. Izan ere, etxean aizkolaririk edo harri-jasotzailerik ez zuenak oso zaila zuen kirol horietan aritzea, eta arazoari irtenbidea emateko eta herri kirolei bultzada emateko antolatu zituen Mank-ek aipatu eskolak. Aipatu eskoletako monitore garai bateko eta egungo aizkolari eta harri-jasotzaileak jarri zituzten, eta emaitza pozgarria da, ordutik asko izan baitira eskola horretatik atera diren aizkolari eta harri-jasotzaileak. Abenduro aipatu eskolako kirolarien lana erakusteko Sakanako Herri Kirol Eguna antolatzen hasi ziren eta aurten, Sakanako Kirol Asteburuaren barruan kokatuta, Iturmendiko frontoiak hartu zuen egun polit hori.
Aizkora, harri-jasotze eta trontza erakustaldiak izan ziren. Aizkoran, enborra bertikalean erdibitzeko lehian Juanjo López nagusitu zitzaion Sakanako eskolan trebatutako Arkaitz Jauregi arabarrari. Bestalde, Joan Flores eta Angel Eraso gailendu zitzaien Josu eta Mikel Agirreri, eta Eloy Corchero eta Arkaitz Jauregi gailendu ziren Goizeder Beltza-Iban Resano eta Juanito Erdozia-Juanjo Erdoziaren gainetik. Bestalde, Jon Erdozia eta Ander eta Josu Jakak, eskolako txikienak, erakustaldia egin zuten eta hiru belaunaldi lanean ikusteko aukera izan zen: Juanito Erdozia, Juanjo Erdozia eta Jon Erdozia.
Bitartean harri-jasotzeileak lanean izan ziren. Alvaro Zugarrondok, Xabier Igoak eta Mikel Lasartek, 80 kiloko esferikoarekin, 100 kiloko kubikoarekin eta 125 kiloko angeluzuzenarekin aritu ziren lanean. Eta, bukatzeko, trontzan Itziar Nuñezek eta Ana Lopezek erakustaldia egin zuten eta Andra Mari ikastolako ikasleen arteko lehian Joseba Galarza eta Urtzi Nazabal Adrian Joao eta Xabier Basabe baina azkarragoak izan ziren. Jaialdiari bukaera emateko Sakanako Harri-jasotze Eskolako monitore Mikel Lasartek motozerrarekin onddo bat egin zuen.
Eskolak, osasuntsu
Floren Nazabal Etxarriko aizkolari handiak, bere aita Juan Mari Nazabalek, garaian aizkolari bikaina izandakoak eta Juanito Erdozia etxarriarrak gidatzen dute Sakanako Aizkolari Eskola. Neska-mutikoak 10 urtetik aurrera hasi daitezke eskolan, eta egun 15 gaztetxo ari dira bertan trebatzen. Eskaera gehiago dago baina hori da baimendutako kopururik handiena. Nazabaldarren bordan jasotzen dituzte eskolak eta giroa primerakoa da. Bestalde, Sakanako Harri-jasotze eskolak Irurtzunen du egoitza. Izurdiagan bizi den Mikel Lasarte harri-jasotzailea eta eskolan trebatutako Xabier Igoa dira monitoreak. Egun 7 pertsona daude harri-jasotzearen sekretuetan trebatzen, 8 urtetik 32 urtera bitarteko gazteak.