Igandean Nafarroako Erlojupeko Txapelketa Iturmendin

Guaixe 2014ko maiatzaren 31

Igandean, 10:30etik aurrera jokatuko da II. Iturmendi Erlojupeko Trofeoa, Nafarroako Txapelketa

Txirrindulariak banaka-banaka eta gertu ikusteko aukera eskainiko du Iturmendik igandean, Burunda Txirrindularitza Klubak antolatutako II. Iturmendi Erlojupeko Trofeoa baitago jokoan. Proban kadete mailako eta junior mailako txirrindulariek hartuko dute parte eta Nafarroako Erlojupekoko Txapelketa izango da.

Goizeko 10:30ean abiatuko dira kadeteak. Banaka aterata, 10 km osatu beharko dituzte. Iturmenditik Etxarri Aranatzeraino joko dute, han buelta hartu eta atzera ere Iturmendiraino iristeko. 12:30etik aurrera juniorrak ariko dira lanean. Kasu honetan, 14 km izanen dituzte aurrez aurre. Arbizuko industrialderaino iritsiko dira, bertan buelta hartu eta atzera ere Iturmendira heltzeko.  

Gehiago
Igandean Iturmendin aritu baino lehen, larunbatean juniorrek IX. Migel Uriz Memoriala jokatuko dute Eskiraozen, 6:30ean (64 km). Bestalde, eskola mailako kategoriakoek igandean gynkana eta lasterketa dituzte Zizurren, 10:30ean. Igandean ere BTT lasterketa jokatuko da, Jaurrieta Trofeoa, 10:30ean.