Kurtso berriarekin eskola berria

Guaixe 2014ko uztailaren 11

Inserlantxo enpresako langileei Iturmendiko eskola berriko kanpoko urbanizazio lanak egitea besterik ez zaie falta. Eskola berriko lanak, bestela despedituak daude. Altzariak dagoeneko ikastetxean daude. Vitoriano Gabirondo alkateak esan digunez, kurtso berria han hasiko dute ikasleek.

Eskola berriak 450 metro karratuko azalera du. Espazio hori honela banatu dute: bi ikasgela handi eta beste bi txiki (haietako bat informatikakoa); erabilera anitzeko ikasgela bat, ezkaratza, zuzendaritza, bainugelak eta trastelekua eta kanpoaldeko estalpea. Pellet bidezko berogailuak berotuko du ikastetxea.

Bidea
Ikasturtea hasten denean Iturmendiko haurrak eskolara oinez, bizikletan edo autoz joanen dira. Horretarako, Estafeta kaletik (Bakaikurako errepidetik) 210 metro ibili beharko dituzte, eskola dagoen Txoritai kalera iristeko. Tarte guztian ez dago espaloirik.

Eliza eta eskola arteko eremuaren urbanizazio proiektua onartua du udalak. Gabirondok esan digunez, etxerik saltzen ez den garai honetan udalaren asmoa ez da orain hura garatzea, ezta kalea egitea ere. Proiektuan oinarrituta, udalaren nahia da lehenbailehen eliza eta eskola artean, kalea aurreikusia dagoen tokian, dermioko bideen moduko bat egitea da, haurren segurtasunagatik eta halako buelta handirik ez emateko. Baina hura egiterako ikasturtea hasia izanen dela esan digu alkateak.

Eskola zaharra
Ikasleek uzten duten eraikinarekin zer egin erabaki beharko du Iturmendiko Udalak. Eta Gabirondok esan digunez, hautagairik ez da falta. Mediku kontsultategia Estafeta kaletik herri erdira aldatzea da aukeretako bat. Nafarroako Gobernuak baimendu egin beharko luke eta gero udalak egokitzapen lanak egin beharko lituzke. Jubilatuek haiendako egoitza eskatu dute. Eta ikasturtean zehar pilates eta bestelako soin ariketak egiten dituztenek ere euren jarduerak hartzeko toki aparta litzatekeela uste dute. Eta sortu litezkeen gainontzeko erabileren artean aukeratu beharko du udalak.