Eskolako lanek 410.000 euroko (BEZ barne) aurrekontua izan dute, hiru urteetan pagatu direnak. Aurten zati handiena ordaindu da, 210.000 euro. Iturmendiko Udalak eta Hezkuntza Departamentuak egindako hitzarmen baten bidez zehaztu zen ikastetxearen obraren finantzazioa: udalak dirua aurreratuko zuen eta departamentuak gero udalari ordainduko zion.
Finantza krisiak tokiko administrazioei ekarri dien ondorioetako bat da diru gutxiago dutela ezer egiteko. Bestea, Espainiako Gobernuaren aurrekontu egonkortasun legea eta defizit publikoa murrizteko neurriak. Dagoenarekin moldatzen ari dira udal gehienak ibarrean. Iturmendiko Udalak eskola berriko lanak pagatzera bideratu ditu bere ahaleginak eta departamentutik kobratzen duenean beste lan batzuk egiteko aukera izanen du.
Pisua
Iturmendiko mediku kontsultategiaren gainean garai bateko sendagilearen etxea dago. Eraikinak 39 bat urte ditu eta Bakaikuko, Iturmendiko eta Urdiaingo udalena da. Erdia Iturmendirena da eta beste erdia beste bi udalena. Vitoriano Gabirondo alkateak jakinarazi digunez, beste bi udalei euren zatia katastroko prezioan erosi nahi diete. Behin bere eskutan izanda udalak etxebizitza konpondu, bitan banatu, bi pisu sortu eta haiek alokatzeko asmoa du. 60.000 euroko inbertsioa litzateke. Bestalde, udalak aurtengorako aurreikusiak dituen lan txikien artean dago hilerriko horma-hobiei teilatua jartzea, euria sartzea eragozteko.