Palestinaren aldeko kontzentrazioa

Guaixe 2014ko uztailaren 18a

Igandean, 20:30ean izanen da, Iturmendiko plazan.

Israelgo estatua Gazako eremu palestinarraren kontra egiten ari den erasoa salatzeko Askapena eta Iturmendiko Gazte Asanbladak (IGA) deitu dute. Bi erakundeek salatu dutenez, “1948ko okupazioaren hasieratik bizirik dirauen zapalketaren beste eraso militar baten aurrean gaude zoritxarrez”. Zapalketa horren barruan kokatu dituzte harresiak, kolonia ilegalen eraikuntza edota atxiloketak. “Estatu Sionistak konponbiderako pausuak eman ordez zapalkuntza inperialistan sakontzen jarraitzen du”, adierazi dute Askapenatik eta IGAtik.

Kontzentrazioaren deitzaileek azpimarratu dutenez, palestinarrek euren herria defendatzea baino beste aukerarik ez dute. Gaineratuz, gatazka ez dela bi parte berdinen artekoa, “hedabide nagusiek saltzen duten moduan. Israelgo estatu Sionistak palestinar herriarekin egiten duen etengabeko zapalkuntza ez dute kontuan hartzen eta erasoari sostengua emateko baldintzak sortzen dituzte”.

AEBei eta EBri beste aldera begiratzea leporatu diete. “Eraso inperialista, Estatu Sionista eta bere kolaboratzaileak” salatzearekin batera, palestinarrek beraiek deitutako Israelen kontrako boikot, desinbertsio eta zigorren kanpainan sakontzera deitu dute.