Iturmendi txirrindularien bilgune

Guaixe 2014ko uztailaren 19a

Aralar Txirrindulari Klubeko eskoletakoak ere Iturmendin ariko dira.

Eskolako kategoriako lasterketa jokatuko da gaur, larunbatean, 17:00etan

Iturmendiko festetan txirrindularitzak bere txokoa du. Gaur, larunbatean, 17:00etan, Burunda Txirrindularitza Klubak antolatuta eskolen txirrindularitza lasterketa jokatuko da. Promesak, hasi berriak, kimuak eta haurrak lehiatuko dira. Tartean, jakina, Burunda eta Aralar Txirrindularitza Klub sakandarreko gaztetxoenak igoko dira bizikletara.

Antolakuntzak 1,5 km-ko zirkuitua prestatu du. Promesek itzuli bat eman beharko diote, hasiberrien lehen urtekoek itzuli bat, hasiberrien bigarren urtekoek 2 itzuli, kimuen lehen urtekoek 3 itzuli, kimuen bigarren urtekoek 4 itzuli, haurren lehen urtekoek 8 itzuli eta haurren bigarren urtekoek 10 itzuli.

Beste probak
Kadeteek lasterketa dute igandean Fontellasen, 17:00etan, XI. Virgen del Rosario Trofeoa (52,5 km). Afizionatuek bi lasterketa dituzte: 23 urtez azpiko afizionatuek Sopelako Udala Saria dute jokoan larunbatean Sopelanan, 9:30ean (117,5 km), Lehendakari Txapelketarako baliagarria dena. Eta eliteek eta 23 urtez azpikoek Beasaingo Loinaz Proba entzutetsuan parte hartuko dute, igandean, 9:30ean (153 km).