Palestinaren alde, Iturmendin

Guaixe 2014ko uztailaren 21a

Ostegunean, 19:00etan, Arbizuko San Juan ermita ondoko olibondoan udalak deitutako ekitaldia dago iragarria.

Askapenak eta Iturmendiko Gazte Asanbladak (IGA) deituta, atzo ehun bat pertsonek kontzentrazioa egin zuten Iturmendiko plazan. Palestinako genozidioa gelditu. Israel hiltzaile zioen pankartaren atzean bildu ziren. Elkartutakoek Israelek eraso militarra gelditzeko eta konponbiderako urratsak emateko eskatu zioten. Palestinan “1948ko okupazioaren hasieratik bizirik dirauen zapalketa inperialista” gaitzetsi zuten. Palestinarrek euren herria defendatzea baino beste aukerarik ez dutela eta gatazka ez dela bi parte berdinen artekoa ere nabarmendu zuten.

Arbizu eta Palestinako Marda herria 2005etik senidetuta daude. Gazaren kontrako erasoa dela eta Arbizuko Udalak ostegunerako ekitaldi bikoitza antolatu du. Alde batetik, 19:00etan, San Juan ermita ondoan landatutako olibondoaren ondoan ekitaldia izanen da. Hura despeditu eta gero parte-hartzaileak plazara jaitsiko dira eta han, 19:30ean, hitzaldia emanen du Martxelo Diaz kazetariak eta Palestinan brigadista izandakoak.