Ioseba Fernandez, Europako txapelduna

Guaixe 2014ko irailaren 2a

Ioseba Fernandez Europako Txapelketan lortutako urrezko domina batekin.

Europako Irristaketa Txapelketako 200 metroko erlojupekoa eta 500 metroko sprinta irabazi zituen eta 300 metroko erlojupekoan zilarrezkoa izan zen

Ioseba Fernandez Fernandez irristalari iturmendiarrak 3 domina ekarri zituen uztailaren 28tik abuztuaren 3ra bitartean Alemaniako Geisingen hirian jokatutako Europako Abiadurako Irristaketa txapelketetatik.

Iturmendiko irristalari handiak iaz urrezko domina jantzi zuen 300 metroko pistako erlojupekoan, baina aurten zilarrezkoarekin konformatu behar izan zuen, Darren de Souza frantziarra izan baitzen azkarrena (23.538 segundo). 13 ehuneneko eskasera sartu zen Ioseba (23.555 segundo), zilarrezko domina jantzita. Baina errebantxa hartu zuen iturmendiarrak, podiumaren gorenera igo baitzen zirkuituko 200 metroko erlojupekoan (13.344 segundo), Ronald Mulder holandarraren eta Matthias Schwierz alemaniarraren aurretik. Horretaz gain, 500 metro sprintean urrezko domina kolkoratu zuen. “Emaitzak onak izan dira eta alde horretatik kontentu nago, baina, akaso, ez dut nire burua nahi nukeen bezain ongi ikusi. Bi hilabete geldirik egon nintzen lesio batengatik eta banekien ez nintzela %100ean iritsi. Horregatik pozik nago emaitzak onak izan direlako eta Mundialei begira hobetzeko tartea dudala uste dudalako” adierazi du irristalari iturmendiarrak.

Izan ere, orain azaroan Argentinan jokatuko den Mundialetarako burubelarri prestatzen dabil iturmendiarra. 2012an munduko txapelduna izan zen Ioseba, iaz txapeldunordea eta aurten atzera ere urreagatik borrokatu nahi du.