Pistako erregina ere bada

Guaixe 2014ko irailaren 2a

Maialen Aramendia, Espainiako Txirrindularitza Txapelketan.

Kadeteetako Espainiako Pista Txapelketetan Maialen Aramendiak zilarrezko bi domina lortu zituen

Zalantzarik gabe hau da Maialen Aramendia txirrindulariaren urtea. Burunda Txirrindularitza Klubean trebatu zen gazte iturmendiarra, baina aurten Gipuzkoako talde batera egin behar izan zuen salto Maialenek, Caf Transport Engineering taldera, txirrindularitzan aurrera egiteko. Eta egindako lanak fruituak eman ditu, primerako urtea baitarama, urre, zilarrez eta brontzez jantzia.

Nafarroako eta Espainiako Txapelketak
Tafallan jokatutako kadeteen Nafarroako Txapelketan lehen nafarra izan zen Caf Transport Engineering talde gipuzkoarrean dabilen gazte iturmendiarra, Nafarroako txapelduna. Horretaz gain, Iturmendin jokatutako kadeteen Nafarroako Erlojupeko Txapelketan bigarrena izan zen Maialen.

Ondoren, Espainiako txapelketen txanda izan zen. Uztailaren hasieran jokatu ziren txapelketak, Jaenen, eta Nafarroako selekzioarekin lehiatu zen Maialen Aramendia, kadeteen emakumezkoen proban. Lasterketa esprintean erabaki zen eta Sandara Alonso balentziarra izan zen lehena, Irene Trabazo galiziarraren eta Maialen Aramendiaren aurretik. Brontzezko domina ekarri zuen orduan Iturmendira Maialenek. Duen sari bildumari beste bi domina gehitu zizkion, eta beste modalitate batean, gainera: pistan.

Espainiako Pistan zilarrezkoa
Pistako Espainiako Txapelketak jokatu ziren abuztuaren 18tik 24ra bitartean Madrilgo Galapagarren. Emakumezkoen kadeteetan 200 metroko abiadurako proba jokatu zen abuztuaren 19an eta Maialen Aramendia bigarrena sartu zen helmugara. Hurrengo egunean, 500 metroko abiadura proban, atzera ere bigarrena sailkatu zen iturmendiarra. Maialen Aramendiak pistan ere bikain moldatzen dela erakutsi du eta Espainiako Txapelketetatik zilarrezko bi dominekin etorri da. Zorionak!