Ioseba Fernandez, Espainiako txapelduna

Guaixe 2014ko urriaren 20a

Iruñean jokatutako Espainiako Pistako Txapelketetan 300 metroko erlojupekoa irabazi du iturmendiarrak eta 500 metroko sprintean bigarrena izan da

Asteburuan Espainiako Pistako Irristaketa Txapelketak jokatu dira Iruñean, Amaya klubeko pistan. Ioseba Fernandez (Amaya Sport) iturmendiarrak sasoi betean jarraitzen duela demostratu du, 300 metroko erlojupekoan jaun eta jabe izan baitzen (00:24.741). El Pilar Marianistas taldeko Patxi Peulari segundo bat atera zion (00:25.960). Iker Goitia izan zen hirugarrena (00:26.298). Bestalde, 500 metro sprinteko txapelketan, Patxi Peula gasteiztarrak (00:43.367) ehuneneko eskas batzuen aldearekin irabazi zion Ioseba Fernandezi (00:43.465). Nafarroako irristalariek 23 domina lortu dituzte Espainiako Txapelketetan, horietako 3 urrezkoak.

Ioseba Fernandez pozik azaldu zen irabazi izanagatik. “Sentsazioak onak izan dira eta egindako denbora ere. Beti da ona irabaztea” adierazi zuen iturmendiarrak. Txapelketako maila altua zela nabarmendu zuen Fernandezek. Iturmendiarrak aipatu zuen Argentinan jokatuko den hurrengo Mundialerako prestatzen ari dela.