Eskola zaharren erabilera zehazten

Guaixe 2014ko abenduaren 28a

Gurasoak eta haurrak eskola zaharraren aurreko aldean.

Jubilatuendako eta umeendako espazio bana aurreikusi ditu udalak.

Arrano Beltza eskolak Iturmendi erdialdea utzi eta Elizazpira aldatu ondoren, makina bat talde izan dira ikastetxe zaharrarekin interesa azaldu dutenak. Victoriano Gabirondo alkateak jakinarazi digunez, besteak beste, Santa Marina jubilatu elkartea, guraso talde bat eta ikastaroetan aritzen direnak jo dute espazio bila udalera.

Alkateak esan digunez, jubilatuekin ikastetxea zena ikusten egon dira eta urte berriarekin batera, atzera ere, haiekin elkartuko dira. Haiendako gela bat uztea aurreikusi du udalak. Bestetik, gaur egun udaletxean haurrendako Biltokia dago. Han adin guztietako haurrak elkartzen dira, baina txikienendako espazio egokiago bat eskatu dute gurasoek. Haiek eta ume txikiak elkarrekin egoteko gela bat uztea ere aurreikusten du udalak.

Banaketa hori eginez gero eraikinaren erdia hutsik geldituko litzatekeela argitu digu alkateak. “Mediku kontsultategia Estafeta kaletik herri erdira noizbait ekarri nahi izan da aspaldi. Horregatik, eskola zaharrean dagoen gela handi bat horretarako erabiliko dugu”. Beste gela txiki bat geldituko litzateke erabilera zehazteko.

Ordenantza
Udalak gero eta egoitza eta instalazio gehiago eta gero eta eskakizun gehiago dituela kontuan hartuta, haien erabilera arautu eta tasak ezartzea erabaki zuen. Udaletxeko auzogela eta sabaiko gelez aparte, maisu-maistren etxea (Aritzaga elkartea); konsistorial kaleko etxea (gaztetxea) eta eskola zaharraren erabilera arautzen du. Ordenantza lastailaren 10ean onartu zen.