Eskolarako xenda

Guaixe 2015ko mar. 20a, 08:20
Etxearen eta frontoiaren artetik abiatuko da xenda eskolarantz.

Haurren segurtasunean pentsatzen, udalak aurtengorako egitea aurreikusi duen lanetako bat da.

Iturmendiko Udalak aurten 287.393,69 euroko aurrekontua izanen du. Victoriano Gabirondo alkateak jakinarazi digunez, “gastu finkoak ordaindu eta gutxi gehiagorako” aurrekontuak dira aurtengoak. Inbertsioen atalean diru-sail handiena udalak Konsistorial kalean biltegi gisa erabiltzen duen etxeko teilatua konpontzera bideratuko du (gaztetxearen aldameneneko etxea).

Lan horietatik dirurik soberan geldituko balitz medikuaren etxeko teilatuan ere lanen bat eginen luke Iturmendiko Udalak. Horrekin batera, Gabirondok azaldu digunez, elizazpitik eskola berrira joateko oinezkoendako xenda bat egokituko du udalak. “Hirigintza planean 6 metroko kale bat aurreikusten da, baina orain xenda eginen dugu. Ikasleak errepidetik oinez joaten dira eta arriskua kendu nahi dugu”, zehaztu du alkateak. Azkenik, basoan siatsa dagoen tokian ubide pare bat eginen ditu udalak.

Alkateak esan digunez, eskolako lanak beste egitasmo batzuk hurrengo legegintzaldikoei pasatzera bultzatu ditu. “Iturmendiarren aspaldiko nahia da mediku kontsultategia herri erdian izatea. Eskola zaharraren erdia geldituko da horretarako, baina ez gara Osasunbidearekin hizketatu”. Egitekoen zerrendan gelditzen dena ere medikuaren etxea zenarekin zer egin.

Egoitza berria
Santa Marina jubilatu elkarte iturmendiarrak aurki egoitza mustuko du. Eskola zaharren eraikinaren erdia haren esku geldituko da. Barra txikia eta biltegia egiteko asmoa dute. Guztia bideratzeko paperak egiten ari dira elkartean.