13 elkarrizketa, 27 memoria-ordu, 974 oroitzapen

Guaixe 2015ko api. 3a, 17:13
Iturmendiar ugari elkartu ziren larunbatean bideo lanaren aurkezpenean.

“Joan den mendean kintoek jartzen zuten Maitza”. “Arropa garbiketan errautsak lixibaren lana egiten zuen. Garbitu eta gero zelaian jarzen ziren luze-luze arropak lehortzen. Azuletek eta belarraren berdeak kolore berezia ematen zion arropari”. “Santa Marinako erromerian sueltoan dantzatzen zen eta jaitsieran Dantzalarren geldiunea egiten zen”. “Lehen ez ziren loteak ematen, lantegietan soberan gelditutako egurra zen ematen zena”. Horrelako informazio eta oroitzapen asko eta asko Iturmendiko 13 elkarrizketatuen ahotik ezagutzeko parada izan zen Labrit Ondareak aurkeztu zuen dokumentalaren ekitaldian. 18 minutuko aurrerapen bat eskaini zuten.

Larunbat arratsaldean jendez gainezka bete zen udaletxearen ganboikoa, Navarchivo.com proiektuaren barnean ITURMENDIn egindako Ondare Ez-Materialaren Bilketako bigarren txandan jasotako lekukotasuna ezagutzera. Gazteek eta zaharrek begi honez hartu zuten bideo-lana. Labrit Ondareko ordezkariek eta Iturmendiko alkateak banan-banan eskertu zituzten bideoan parte hartu duten 13 elkarrizketatuak eta bakoitzari bideo bana eskaini zioten.

Elkarrizketatuak
Santiago Lopez Agirre, Matilde Eskisabel Fernandez de Trokoniz, Esperanza Agirre Galarza, Fermin Gabirondo Agirre, Maria Josefa Lanz Hernandez, Juan Agirre Asurmendi, Nemesio Irisarri Amondarain, Roman Lizarraga Perez, Migel Goikoetxea, Juan Mª Galartza, Ignazio Arbizu, Pedro Mª Goikoetxea eta anaia eta Joxe Angel Galarza.