Maialen Aramendiak Euskaldun Torneoko lidergoari eusten dio

Guaixe 2015ko mai. 19a, 10:13

Gipuzkoako Emakumeen Itzuliko kadeteen erlojupekoa irabazteaz gain, maiatzaren 9an Galizian irabazitako Maringo probari esker Espainiako Kopako kadeteen lider da

Maialen Aramendia txirrindularia ez da geratzen. CAF Transport Engineering taldean dabilen iturmendiarra denboraldi bikaina josten dabil. Apirilaren bukaeran Bizkaiko loreak Txallengean etapa bat irabazteaz gain, Bizkaiko loreak Txallengea irabaztea eta Emakumekoen Euskaldun Torneoko kadete mailan lider jartzea lortu zuen. Bestalde, mMaiatzaren 9an Emakumezkoen Espainiako Koparako puntuagarria zen lasterketa jokatu zuen Marinen, Galizian. Lasterketa gogorra zen, azken txanpan bi portu gogorrekin. Azkeneko portuan erasoa jo eta ihes egin zuen Maialenek, helmugara bakar-bakarrik iritsiz. Lasterketa irabazteaz gain, Espainiako Kopako kadete mailako lidergoa lortu zuen.

Gipuzkoakoan aurretiko erlojupekoa irabazi zuen
Asteburuan Gipuzkoako II. Emakumeen Itzulian lehiatu da Maialen Aramendia. Ostiralean 2 km-ko erlojupekoa jokatu zuten Bergaran eta Maialen Aramendiak irabazi zuen kadeteetan (2:39), bere taldekide Saioa Gili 5 segundo aterata. Larunbateko lehendabiziko etapa Tolosan jokatu zuten (33 km). CAF Transport Engineering taldeko Aroa Gorostiza gailendu zen (57:52), eta bere taldekide Maialen Aramendia 10.a iritsi zen helmugara, 1:41era. Bigarren eta azken etapa igandean jokatu zen, Zizurkil eta Billabona artean (30 km). Guttranseko Isabel Martinek irabazi zuen etapa (49:42) eta Maialen bosgarrena sartu zen helmugara, 38 segundora, beste lau txirrindularirekin batera. Sailkapen orokorra kontuan hartuz Gipuzkoako II. Emakumeeen Itzulian Caf taldeko Aroa Gorostiza izan da garailea kadete mailan (1:51:35) eta bere taldekide Maialen Aramendia bigarrena sailkatu da, 57 segundora. Gainera, Aramendiaren CAF taldea izan da talde onena. Gipuzkoakoa Emakumezkoen Euskaldun Torneorako baliagarria zen eta Maialenek jarraitzen du torneoko kadete mailako lider.