Iturmendik hartuko du Aitzkozar Krosa

Guaixe 2015ko mai. 30a, 10:51

XI. Aitzkozar Herri Krosa jokatuko da bihar, larunbatean. Iturmendin. 17:00etan kategoria txikikoak ariko dira, eta 18:30ean nagusiak.

Aitzkozar jaioterrira itzuliko da. Lasterketa Iturmendin antolatzen hasi zen, baina 2010etik Iturmendiko Aitzkozar elkarteak eta Bakaikuko Bakarrekoetxea elkarteak elkarrekin antolatzen dute. Aurten 11. edizioa izanen du aipatu lasterketak eta Iturmendiko Aizkozar elkartearen aurrealdea izanen du irteera eta helmuga, bihar, larunbatean. Bi elkarteek Dantzaleku Sakana klubaren laguntza izanen dute proba antolatzeko eta hainbat entitate eta komertzioen babesa.

17:00etan txikiak eta 18:30ean nagusiak
Gazteenek emanen diote hasiera probari, bihar, 17:00etan. Aurrebenjaminen (450 m), benjaminen (560 m), kimuen (800 m), haurren (1.600 m) eta kadeteen (2.400 m) lasterketak Iturmendiko kaleetan jokatuko dira. Ondoren proba nagusiaren txanda izanen da, 18:30ean. Gazteak, helduak eta beteranoak ariko dira. Bakaikuko eta Iturmendiko dermioen artean markatutako 4.050 metroko ibilbideari buelta bakarra emanen diote gazteek, eta bi buelta helduek eta beteranoek, 8.100 metro osatuz.

Oparia eta merienda
Iturmendiko helmugan lasterketa bukatzen duten korrikalari guztiek oparia jasoko dute. Lasterketa nagusiko irabazleek, gizon nahiz emakumeek, trofeoa jasoko dute. Behe mailan ere trofeoak banatuko dira. Eta eguna borobiltzeko, antolatzaileek merendua antolatu dute korrikalari guztiendako.

Aurreko urtean Ander Agirre bergararrak (26:58) eta Eider Delais iruindarrak (34:40) irabazi zuten lasterketa eta Javi Moreno eta Izaskun Beunza izan ziren lehen sakandarrak.

Izena emateko
Aurrez izena emateko aukera dago, 948 562 034 edo 606 398 802 telefonoetan edo www.dantzalekusakana web orrian. Lasterketa egunean bertan, proba hasi baino ordu bat lehenago Aitzkozar elkartean. Helduek 5 € ordaindu beharko dute eta txikiek ezer. DYAk proba jarraituko du.

Sakanako XII. Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Saria mustuko du Aitzkozarrek
Bihar Iturmendin jokatuko den XII. Aitzkozar herri krosak mustuko du Sakanako Sakanako Mankomunitateak Lasa Kirolak babeslearekin antolatutako Sakanako XII. Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Saria. Iturmendikoarekin batera beste 4 lasterketek puntuatuko dute koparako: Ziordiko II. Herri Krosak (ekainak 7) Ergoienako XII. Birak (irailak 19), Sakanako XV. Herri Lasterketak (urriak 24) eta Altsasuko Barricarteren XXXV. Oroimenezko Oinezko Lasterketak (abenduak 8).

Sakanako 10 onenek puntuatuko dute, gizonezkoetan eta emakumezkoetan, eta gutxienez 4 probatan parte hartu beharko da. Lehenengoek 80 euro kirol materialean jasoko dute, bigarrenek 60 euro kirol materialean eta hirugarrenek 40 euro kirol materialean. Gainera, proba guztietan parte hartzen duten korrikalarien artean sari bat zozketatuko da.

Aurreko urtean Javier Morenok eta Izaskun Beunzak irabazi zuten Sakanako Atletismo kopa. Francisco Javier “Pitxi” Gomez eta Maite Zabaleta bigarrenak izan ziren eta Sergio Garcia de Eulate eta Haizea Ramirez de Alda hirugarrenak.