Iturmendin erlojuaren kontra

Guaixe 2015ko eka. 12a, 14:49
Aurreko urtean Aramendia anai-arrebak Nafarroako erlojupeko txapeldunordeak izan ziren.


Igandean, 10:30etik aurrera jokatuko da III. Iturmendi Erlojupeko Trofeoa, Nafarroako kadeteen eta juniorren txapelketa

Txirrindulariak banaka-banaka lanean ikusteko aukera eskainiko du Iturmendik igandean, Burunda Txirrindularitza Klubak antolatutako III. Iturmendi Erlojupeko Trofeoa baitago jokoan. Proban kadete mailako eta junior mailako txirrindulariek hartuko dute parte eta Nafarroako Erlojupekoko Txapelketa izango da.

Goizeko 10:30ean abiatuko dira kadeteak. Banaka aterata, 10 km osatu beharko dituzte. Iturmenditik Etxarri Aranatzeraino joko dute, han buelta hartu eta atzera ere Iturmendiraino iristeko. 12:30etik aurrera juniorrak ariko dira lanean. Kasu honetan, 14 km izanen dituzte aurrez aurre. Arbizuko industrialderaino iritsiko dira, bertan buelta hartu eta atzera ere Iturmendira heltzeko.  

Maila erakustera
Aurreko urtean gizonezkoen kadete mailan Quesos Albenizeko Asier Etxeberria hirugarrena sailkatu zen eta emakumezkoen kadete mailan Caf taldeko Maialen Aramendia iturmendiarra txapeldunordea izan zen. Jubeniletan Quesos Albenizeko Eneko Aramendia txapeldunordea izan zen. Ea aurten zein lan egiten duten beraiek eta Quesos Albenizeko eta Intersport Irabiako gainontzeko kideek.

Eneko Aramendia Euskal Herriko junior mailako erlojupeko txapeldunordea
Larunbatean junior eta afizionatuen mailako Euskadiko Erlojupeko Txapelketa jokatu zen Caparroson. Juniorrek 16 km osatu behar izan zituzten. 16 txirrindulari aritu ziren eta Autonervion-Renault taldeko Iñigo Elosegi izan zen azkarrena (20:50). Quesos Albeniz taldeko Eneko Aramendia iturmendiarra bigarrena sailkatu zen, 47 segundora.
Afizionatuek, aldiz, 25 km osatu behar izan zituzten. Lizarteko Raul Martinez de Morentin izan zen azkarrena (31:04). Rural Kutxa talde sakandarreko Iosu Zabala 10.a izan zen, 23 urtez azpiko nafar onena.

Josu Etxeberria hirugarrena Urretxun
Kadeteek larunbatean lasterketa izan zuten Urretxun. Quesos Albenizeko Josu Etxeberria 3.a izan zen eta mendiko saria irabazi zuen. Hodei Zia 24.a sailkatu zen. Juniorrek, berriz, Seguran jokatu zuten eta Quesos Albenizeko Asier Etxeberria 6.a sailkatu zen, Juan Alberto Jimenez 34.a eta Aritz Irigoien 39.a. Eskoletako neska-mutilak Lekunberrin aritu ziren eta Aralar eta Burunda klubetako txirrindulariek maila bikaina eman zuten.