1. Galtzadaren izenaz, lehenik: Berrenoa edo Bernoa?
Ataungo mugan dagoen parajea da. Aipamena egiten duen dokumentu zaharrenean, Burundako foruan (1.208 urtean), Bernoa aipatzen da.
2. Paper arteko ikerketa egin eta gero landa lana egitea falta zen?
1995ean Iturmendiko udalean sartu nintzen. Kultur arloan galtzada, Bernoa eta Santa Marina arteko zatia gutxi gorabehera, seinaleztatu eta haren berri ematen duen informazio panela jarri genuen herrian (Konsistorial kaleko berdegune batean). Baina ibilbidea esku-orriekin eta bestelakoekin “saltzea” falta da.
3. Zein aritu zen lan hartan?
Ni eta beste batzuk. Zati bat zaharberritu zuten lehenak soldaduskara joan nahi ez zuten kontzientzia eragozleak izan ziren. Gizarte lana egin behar zuten, lan bat nahi zuten eta haiek izan ziren, ia Pagozabalen, galtzada zati batzuk eta Guardian txabolata berreskuratu zituztenak. Azken horretan tabako aduana zegoen.
4. Beraz, hau galtzada azalarazteko lanen bigarren aldia litzateke?
Bai. Nire kabuz galtzadaren ibilbidearen nondik norakoa ikertzen aritu naiz eta aurkikuntzekin harritu naiz. Urdiaingo galtzada guztia azaleratzeko Mariano Galartzak egindako lana ikusi eta gero zerbait egitea pentsatu genuen. Kontua da Iturmendin hiruzpalau km direla, Bakaikun bat eta Etxarri Aranatzen beste hiru bat.
5. Auzolandegira etorri direnak, zer moduz?
Ongi. 10 neska gazte eta bi begirale etorri ziren. Hegaldiengatik eta gaixotasunagatik hiru aurretik joan dira. Egunero lau orduz aritu dira, 8:30etik 13:00etara. Gogor lan egin dute. Iturmendiko apaiz etxea udalekutarako prest dugu eta han egon dira.
6. Nolaz iritsi ziren?
Sakanako Garapen Agentziako Iker Manterolari galtzadarena aipatu nion eta berak boluntarioekin lan egiten duen De Amicita erakundea ezagutzen zuen eta horrela iritsi dira.
7. Zein lan egin duzue orain arte?
Galtzadaren bi ertzak garbitzea, nondik doan erakusteko. Gaineko lurra aitzurra eta isatsaz kendu eta zuhaixka txikiak moztu ditugu. Herri bakoitzean arduradun bat zegoen. Toki batzuetan 40 cm zulatu beharra dago eta beste batzuetan lur-azalean dago.
8. Gero?
Seinaleztatze zehatza egin beharko litzateke gero. GPSaren laguntzaz Urdiaingo galtzada plano batean jasoa dago. Iturmendin egin genuen, baina ibilbide berriak opatu ditugunez, moldatu egin beharko dugu. Esaterako, Guardan txabolata aldera seinaleztatu genuen. Ezkerrera beste bide bat dago. Baina bietan ez zegoen galtzada arrastorik. Erdian dagoen hariztian begiratu eta han agertu da.
9. Galtzadak jendearen arreta bereganatu du?
Interesa piztu du. Inportanteena hori da.
10. Eta orain?
Bultzada nola eman aztertu beharko litzateke. Sakanako Mankomunitatea badugu, baina herri bakoitzean gureari begiratzen diogu. Kulturalki eta historikoki hainbat herri batzen eta lotzen duen gauza bakarretakoa da galtzada. Nire ustez hori oso garrantzitsua da eta bulkatu beharra dago. Nola? Auzolanean edo bestelako formulak bilatuz. Nork bere herriko historia ezagutzeko bidea da hau. Hasteko udazkenean, galtzadan bertan, hitzaldiak emanen ditugu, irakasleei eta zuzenduta.
11. Zein litzateke helburua?
Galtzadari balioa ematea. Hasieran, sikiera, zati txikiei. Baita bidean dauden gauzei ere. Esaterako, bide ondoan trikuharriak edo ikazkinen txondorren arrastoak daude. Gainera, Astorga-Bordele erromatar galtzada dugu, Sakana zeharkatzen zuena eta hasierako Donejakue bidea zena (XI-XII. mendeak). Guk gure basoak eta paisaiak baloratzeko modua izan daiteke ere. Turismoari eta historiari lotutako jarduerak interesgarriak egin daitezke.