Ioseba Fernandez Taiwango Mundialean

Guaixe 2015ko aza. 16a, 13:25
Ioseba Fernandez, bigarrena eskuinetik, Espainiako selekzioan ariko diren gainontzeko irristalari nafarrekin batera.

300 metroko erlojupekoan domina lortzear egon da iturmendiarra

Igandean hasi zen Taiwango Irristaketa Mundiala. Bertan dabil Ioseba Fernandez irristalari iturmendiarra, Garikoitz Lerga Espainiako selekzioko hautatzaileak aukeratutako beste 7 irristalarirekin batera. Asteartean iritsi zen selekzioa Taiwanera, baina Ioseba Fernandez aurretik zegoen Taiwanen, Mundialetarako prestatzen.  

Igandean 300 metroko pistako erlojupekoa jokatu zuen Ioseba Fernandezek. Iturmendiarra primeran aritu zen, 24 segundotik beherako denbora egin baitzuen, 23.830 segundo, baina, tamalez, ezin izan zen podiumera igo, gutxigatik. Andrea Jimenez kolonbiarrak lortu zuen urrea (23.415), Juan Perez kolonbiarrak zilarra (23.688) eta Myungkyu Lee korearrak brontzea (23.773). Laugarren postuarekin konformatu behar izan du iturmendiarrak. Hurrengo egunotan berriro ere lehian sartuko da iturmendiarra.